HIRIGINTZAREN PRIBATIZAZIOA LURZORUARI BURUZKO 1956ko LEGEAN…
353
garapenari. Haatik, hirigunetik hurbil zeuden guneak «lugorri gisa» geratzen ziren, euren prezioa noiz handituko. Lurzoruari buruzko 1975eko Legeak zuzendu egin zuen arazo hori, hiri erreserbarako lurzoruaren ordez, bi kalifikazio ezarriz: egitaraupeko lurzoru urbanizakorra eta egitaraurik gabeko lurzoru urbanizakorra. Aurrenekoa hiri lurzoru bihur zitekeen, plan partzialen bidez; bigarrena, ostera, ezari-ezarian programa zitekeen hirigintza jarduketarako egitarauen bitartez (HJE), hori komenigarria izan ahala. Horrela, Administrazioak hiri handien hedapena gida zezakeen, lurzoruaren gain ondoz ondoko egitarauak ezarriz. Lurzoru urbanizakorraren barruan bi mota bereiztu izanak ez zuen inolako eraginik izan udalerri txikietan; eurotan, urbanizatzeari buruzko arau sorospidezko eta osagarriak aplikatuz zehazten zen lurraldearen oso-osoko plangintza, eta arau horiek lurzoru urbanizakorra besterik ez zuten aipatzen. Egungo egunean, ezabatu egin da egitaraupeko lurzoru urbanizakorraren eta egitaraurik gabeko lurzoru urbanizakorraren arteko bereizketa. Ezabatze horren ondorioz, lurzoru gehiago jarri da merkatuan eta, hasieran batez ere, horrek prezioen txikipena ekar dezake. Hori guztia lortzeko, uko egin behar zaio, berriz ere, hirigintza garapenaren gaineko kontrolari. Halaber, lurzorua ondasun ez-homogeneoa dela gogoan izanik, erabaki horrek ez du inola ere ziurtatzen espekulazioaren amaiera. Kontrara, bide ziurrak ireki dira, etorkizunean espekulazioa gerta dadin, lehen-lehenik, ekologia edota gizartearen intereserako gune pribilejiatuetan eta, ondoren, gainerako guneetan. Gainera, lurraldean bihar-etzi eraiki eta lurralde hori okupatzea ahalbideratu da, horren ondorioei kasurik egin gabe (ALABART).
6. HIRIGINTZA ZUZENBIDEA EZEREZEAN GERATZEA, ESTATUKO ZUZENBIDE GISA: KONSTITUZIO AUZITEGIAK 1997ko MARTXOAREN 20an EMANDAKO EPAIA Konstituzioak lurralde antolaketarako, hirigintzarako eta etxebizitzarako eskumenak eratxiki dizkie autonomi erkidegoei (148. art.). Horrela, autonomi erkidego guztiek —Ceuta eta Melillak izan ezik— euren autonomi estatutuetan bereganatu dituzte eskumen horiek, eskumen esklusibo gisa. Nolanahi den ere, autonomi erkidegoek ez dute erabat baztertu estatuko hirigintza eredua. Aitzitik, Lurzoruari buruzko 1956ko Legeaz geroztik, eredu berberari eutsi diogu, orotariko adabaki eta txaplatekin bada ere. Areago oraindik, autonomi erkidegorik berritzaileenek ere eredu hori indartu dute, kasurik gehienetan estatuko legea errepikatu eta osatu besterik ez dutelako egin (Aragoi, Asturias, Galizia, Madril, Nafarroa, Murtzia etab.). Edozein modutan ere, Kataluniak beste bide bati ekin zion nabariro, 1976ko Testuari eutsi ziolako,