HIRIGINTZAREN PRIBATIZAZIOA LURZORUARI BURUZKO 1956ko LEGEAN…
351
litzateke zuzena izango toki erakundeek euren jabetzapeko lurrak espekulazio asmoekin erabiltzea; hori eginez gero, espekulazio tirabirak moteldu beharrean, horiek gehitu egingo lirateke». Azken finean, 8/1990 Legeak hauxe lortu nahi izan du: ondasun higiezinen jabetza «ezegonkortu» eta Administrazioak jabetza hori errazago menperatu ahal izatea, berori hiri lurzoru gisa eta lurzoru urbanizakor gisa kalifikatzen denean. Legeak ez du alboratu, alabaina, Lurzoruari buruzko 1956ko Legeak kontzeptu eta ideologiaren ikusmoldeetatik ezarritako eskema —hiri errenta guztien etekinak, jabe jakin batzuentzat—. Hitzaurreak azaltzen duen moduan, hori egitean amaiera eman zaio «lurzoruen jabeek duten gehiegiko permisibitateari, jabe horiei lehenengo lekuan deitzen baitzaie urbanizatze nahiz eraikitze zereginak gauzatzeko». Halaber, hori eginez gero, Administrazioak badu modurik hurrengoak erdiesteko: «alde batetik, Administrazioak behar besteko baliabideak izatea, norbanakoek zeregin horietarako ezarrita dauden epeak urra ditzaten saihesteko; eta, bestetik, lurzoruaren ondare publikoak handitzea, dela ondasun higiezinen merkatuari buruzko arauketan eragina izateko, dela lurzoru urbanizakorraren zati batzuetan babes ofizialeko etxebizitzak eraiki ahal izateko». Edonondik begira dakiola ere, berriz esan beharra dago hori guztia errazago, merkeago, garbiago eta jabe guztien arteko berdintasuna errespetatuz lor daitekeela, Lurzoruari buruzko 1956ko Legeak aurretiaz ezarritako sistemarekin, alegia, herri lanen hirigintzarekin.
5. JABEEN MESEDERAKO TXANDA: EGITARAURIK GABEKO LURZORU URBANIZAKORRA EZABATZEA ETA APROBETXAMENDU TASAREN LAGAPENA URRITZEA, EKAINAREN 7ko 7/1996 ERREGE DEKRETU-LEGEAREN ONDORIOZ Ekainaren 7ko 7/1996 Errege Dekretu-Legeak, apirilaren 14ko 7/1997 Legearen bitartez baliozkotuak, hirugarrenez eraldatu zuen 1956ko Legea. Beste behin ere, lurzoru eta etxebizitzari buruzko merkatuaren egoera makurrak bidezkotzen du eraldaketa. Egoera horren eretzean, «hasierako neurri batzuk onetsi behar dira —Alderdi Popularraren Gobernuak onetsitako lehenengoak—, lurzoruaren eskaintza gehitu eta xedatzeko moduko lurzorua merkatzeko». Oraingoz, eraldaketa hori bederatziaren proba da, 1956ko hirigintza ereduaren azkenengo eta izugarrizko porrotari begira; eredu hori 1975ean eta 1990ean eraldatu zen eta orain berari beste itxura bat eman nahi izan zaio. Aldarazpenen helburuak dira, batetik, prozedurak erraztea, alkateei hirigintza eskumen gehiago emanez, udalaren osoko bilkuren kaltetan; eta,