348
RAMÓN PARADA
Hirigintza jarduetarako egitarauekin, berriz diogu, Cerdák proposaturiko hirigintza eredua, hau da, herri lanen hirigintza eredua berreskuratzen da nolabait. Eredu horretan gertatzen den bezala, hirigintza jarduketarako egitarauak gara daitezke, dela emakidaren bidez, dela toki erakunde edota urbanizatze erakunde berezien bidez, azken horiek eskumen hori bereganatzen badute zuzenean. Hala eta guztiz ere, emakidak adjudikatzeko prozedurek ez dituzte betetzen hemeretzigarren mendeko legerian gardentasunari buruz ezarritako irizpideak, emakidak ez baitira enkantearen bidez adjudikatzen, ezpada lehiaketaren bidez. Are gehiago, emakidak zuzen-zuzenean adjudikatzen dira, lehiaketarik egin gabe, bi baldintza hauek betetzen badira: bata, urbanizatu beharreko lurretan jarriko diren instalazioak garrantzi handikoak izatea, ekonomia eta gizartearen ikusmiratik; eta, bestea, autonomi erkidegoaren goiko organo betearazleak hori erabakitzea.
4. JABETZA ESKUBIDEA DESEGITURATZEA ETA UDALERRIAK HIRIGINTZA GAINBALIOETAN DUEN PARTAIDETZA HANDITZEA, UZTAILAREN 25eko 8/1990 LEGEAK EGINDAKO BIGARREN ERALDAKETAREN ONDORIOZ Lurzoruari buruzko Legearen bigarren eraldaketa garrantzitsua egin du uztailaren 25eko 8/1990 Legeak, Hirigintzari buruzko Eraentzaren Eraldaketari eta Lurzoruaren Balorazioei buruzkoak. Zinez, eraldaketa hori ez da etorri ideia sozializatzaile edo berdintasun-zaleen eskutik; aitzitik, eraldaketa gertatu da, Lurzoruari buruzko 1956ko Legeak eta horren 1975eko eraldaketak beste behin ere porrot egin dutelako. Hori berori aintzatesten du zioen azalpenak: «Lurzoruaren prezioa izugarri igon da eta, toki askotan, igoera hori zentzuzko mugetatik at dago. Gainera, lurzoruaren prezioa igotzeak baldintzatu egiten ditu etxebizitzen azken prezioa eta, oro har, jarduera ekonomikoak hasteko kostuak». Egoera horri irtenbidea emateko, ez da nahikoa «indarreko antolamendu juridikoak ematen duen babesa», lurzoruaren jabeek gehiegiko permisibitatea baitute. 8/1990 Legeak, kritika gogor hori egin arren, ez du albo batera utzi Lurzoruari buruzko 1956ko Legeak 1975eko eraldaketaren ondoren ezarritako eredua; edu bertsuan, ez ditu berreskuratu aurreko legeriaren ideiak. Haatik, legeak beste behin ere gauza berberak dakartza: berriz ere, hirigintza gainbalioak desberdintasunez eratxiki dizkie jabeei, lurzoru motaren arabera; eta, berriro ere, urbanizatze prozesua obra pribatuen artean sartzen du eta ez, ordea, herri lanen artean.