HIRIGINTZAREN PRIBATIZAZIOA LURZORUARI BURUZKO 1956ko LEGEAN…
337
ere, 1956ko Legeaz geroztik, ohikoa da lur jakin batzuen balioa gehitzea beste batzuenari begira; izatez, hori plangintzaren ondorio eta fruitua da, plangintza horrek urbanizatze eskubidea eratxiki diezaiekeelako jabe batzuei eta beste batzuei, aldiz, ez. Juristek desberdintasun hori eta interes orokorraren aurkako atentatu hori estaliko dute, jarraikoa esanez: planak definitzen du kasuan-kasuan zein den jabetza eskubideraen edukia (70. art.). Ildo beretik, ez zaie inongo kalteordainik eman behar lur eraikiezinen jabeei; kalteordaina jasotzeko eskubidea hurrengo kasuetan bakarrik sortzen da: aurretiaz hedadura handiagoarekin finkatu izan den eskubidearen ablazioa gertatzen denean edota eskubide hori murriztu nahiz kentzen denean (FERNÁNDEZ RODRÍGUEZ).
C) Espekulazioaren gaineko jasamena Beste aldaketa garrantzitsu bat izan zen jabeei «espekulaziorako eskubidea» aintzatestea, egitatez besterik ez bada ere. Lurzoruari buruzko 1956ko Legeaz geroztik, urbanizatze proiektuan agindu eta jasotako epeetan zehar eraikinik bako orubeak atxikitzeak berez ez dakar orube horien gaineko jabetza galtzea, ezta orubeok huts eta soilik konfiskatzea ere; hemeretzigarren mendeko liberalek, berriz, hala ezarri zuten, jabetzaren gizarte eginkizuna gauza ezezaguna zenean! Egungo egunean, eraikinik bako orubeen atxikipenak derrigorrezko desjabetzapena dakar, lurren hirigintza balioaren truk, eta Eraikinbako Orubeen Erregistroan inskripzioa egin eta gero (142 eta 151. art.ak). Lehen, jabetzak ez zuen halako bermerik eta orain, paradoxa bada ere, berme hori aurrerakadatzat jotzen da, jabetzaren inguruko gizarte ulerkeraren barruan. Egin-eginean ere, berme hori desjabetzapena-zehapena dela ulertzen da.
D) Jabeen arteko desberdintasunak eta urbanizatze prozesuen geldotasuna Labur bilduta, jabe jakin batzuei aintzatesten zaizkie urbanizatze eskubidea, gainbalioak eskuratzeko eskubidea eta lurrak espekulazioz atxikitzeko aukera. Horien ordainean, jabeek derrigorrezko desjabetzapenaren arriskua besterik ez dute jasan behar; horrez gain, berriz diogu, desjabetzapen horren ziozko balioespenean zenbatu behar dira planak aintzatesten dituen hirigintza aprobetxamenduak. Bada, harako aintzatespenaren aurreneko ondorioa izan da udal mugarteko jabeen artean ageri-ageriko desberdintasunak ezartzea. Aurreko sistemak ez zion ezein jaberi pribilejiorik ematen; izan ere, jabe batek ere ez zuen urbanizatze eskubiderik, ezta planean agindutako eraikikor-