Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (2)

Page 33

336

RAMÓN PARADA

B) Lurzoruei buruzko balorazio desberdinak Jabe batzuen eta besteen arteko desberdintasun zinezkoak eta espekulazioari emandako bultzakadak agerpen franko izan dute. Batetik, planak udalaren lur batzuk definitu ditu, eta lur horien jabeetatik gutxi batzuek baino ez dute ahalmenik, urbanizatze prozesuak euren mesedetan zuzentzeko, urbanizatze eskubidearen titular gisa. Bestetik, jabe horien lurrak derrigor desjabetzen direnean, lurron balioak bere baitan hartzen ditu plan orokorrek eurek sorturiko gainbalioak. Horrela, Administrazioak harako lurrak behar dituenean, euren landa balioa eta eraikitze balioa ordaindu behar ditu; izan ere, Antolamendurako Plan Orokorrak eraikitze balioa modu artifizialean sortu eta balio hori lurren gain ezarri du. Ildo horretatik, landa lur gisa edota lur urbanizaezin gisa kalifikaturiko lurretan, ez dago urbanizatze eskubiderik; horregatik, 1956ko Legeak lehenengo balioa, hau da, hasierako balioa eratxikitzen die halako lurrei. Aitzitik, lege horrek igurikimen balioa eta hirigintza balioa aintzatesten dizkie hirigintza aprobetxamendua izan dezaketen lurrei eta Antolamendu Planaren ondorioz jadanik aprobetxamendu hori dutenei ere; horrelakoetan, igurikimen balioa eta hirigintza balioa hasierako balioari gehitzen zaizkio. Azkenik, aurreko horiek baino balio handiagoa, hain zuzen ere, merkataritzako balioa edota merkatu balioa eratxikitzen zaie hiri lurzoru gisa kalifikaturiko lurrei eta, zerbitzu guztiak izateagatik, orubetzat hartzen direnei ere, azken horietan berehala eraiki ahal bada. Gauzak horrela, honako paradoxa gertatzen da: kolektibitateak plana egin eta onesten du eta, plan horren ondorioz, lur jakin batzuen balioa gehitu egiten da, planak lur horien eraikikortasuna aintzatesten duelako. Molde berean, planak beste bi eskubide aintzatesten ditu lur horietan: lehenengo, urbanizatzeko eskubidea eta, ondoren, eraikitzeko eskubidea, beti ere, plan horretan bertan ezarritako dentsitateekin bat etorriz. Bestela esanda, Administrazioak balio gehikuntza hori eta eskubide horiek sortzen ditu, Antolamendurako Plan Orokorra onestearen ondorioz. Horregatik, hasierako edota nekazaritzako balioaz gain, Administrazioak hirigintza aprobetxamendu horiek ordaindu behar ditu, eurok derrigor desjabetu behar dituenean, herri lanak burutzeko. Hori egitean, eta modu artifizialean besterik ez bada ere, Administrazioak garestitu egiten du urbanizatu eta eraikitzeko prozesu osoa, bai eta azpiegituren kostua ere (sistema orokorrak). Bistakoa denez, hori interes orokorraren aurkako atentatua da eta, hirigintza herri lan gisa hartzeko joeraren barruan, atzera egindako pausotzat har daiteke; izan ere, lehenago ikusi dugunez, joera horren baitan ezin onartuzkoa da obra proiektuen ondorioz jabetzaren balioa gehitzea. Edozein modutan


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (2) by elkarmedia - Issuu