Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (2)

Page 26

HIRIGINTZA ZUZENBIDEAREN JATORRIAK ETA LEHENENGO EREDUA‌

329

6. HIRIGINTZA TEKNIKEN AGERPENA Hirigintza zuzenbidearen xede juridiko nagusia da, izan ere, urbanizatzeko edo hiriak sortzeko eskubidearen titularra zehaztea eta, historian zehar, hots, XIX. mendetik Lurzoruari buruzko 1956ko Legea aldarrikatu arte, Estatuak beretzat erreserbatzen duen ahalgo publikoa da. Autu horrez gain, badira hirigintzan ikusalde historikotik aztertu behar diren beste kontu batzuk. Aurrenik, esan behar dugu eraikitzeko eskubide hutsa Erromako erregela honen menpe zegoela: jabeak eraikinak edonon egin zitzakeen, altuera edo dentsitate mugarik gabe, usque ad caelum; baina toki populatuetan, udal poliziaren ondoriozko mugapenak errespetatu behar zituen. Eraikitzeko eskubide horrek ez zekarren ingurugiroari kalteak eragiteko arriskurik, orduko ez baitzegoen aparteko potentzia eraikitzailerik. Harako potentziak geroago sortu ziren, hain zuzen, kapitalak eta teknologia modernoak bateratu zirenean; horiekin, itzelezko eraikinak edo auzoak egin zitezkeen, gauetik goizera. Bestalde, XIX. mendean sortu ziren hirigintza modernoan agertzen diren oinarrizko arazoak eta, mende horretan ere, hirigintza modernoko teknika nagusi batzuk entseatu ziren: osasun araudiak, aldeztaketa edo zonifikazioa eta zabaldurak. Hirietako alde populatu guztiei aplikatu beharreko legeak XIX. mendearen bigarren erdialdean sortu ziren, industrialismoak zenbait hiritara ekarritako bizi-baldintza kaskarren eraginez. Ingalaterran, esaterako, Public Health Act onetsi zen, hirigintza legeriaren aitzindari izan dena. Lege horrek higienea eta, orokorrean, eraikinetako bizigaitasuna babesteko lehenengo osasun araudiak onetsi zituen. Arau horien karioz, lehendabiziko etxadiak eraiki ziren, bizigaitasunaren gutxieneko estandarraren ereduari mugarik gabe ekinez; horretara, hiria eratzeko, berdin-berdinak ziren eraikin ugari lerroka jartzen ziren, ezelako eginkizun espezializaziorik gabe. Ikuspegi juridikoari gagozkiola, MENGOLIk ohartarazi du garai hartan araudia zela tresnarik egokiena eta erabiliena (osasun araudiak, edota edilaren nahiz hiri poliziaren araudiak izan), orduko legeen kezka nagusia hauxe zelako: legearen araberako berdintasuna zein Zuzenbidearen ziurtasuna ezartzen zuten printzipioekin bat etortzea; printzipio horien ildotik, jabetzaren mugapenak bidezkotzeko arrazoi bakarra lurjabe guztiei aprobetxamendu aukera berberak ematea zen, arauen estandarizazioaren bidez. Azalpen hori egi den moduan, egia da ere zabaldura eta barne berrikuntza planek (herri lanen planak, hots, plan osoak diren heinean) baitaratzen dituztela eraikinen kanpo eta barneko ezaugarrien definizioa; eta horrek dakartza eraikinen estandarizazioa eta hiri zaharren bereizgarri den eraberekotasuna. Egungo egunean, ordea, eraberekotasun hori desagertu izan da, arkitektoek eurek proiektatzen


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (2) by elkarmedia - Issuu