Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (2)

Page 229

532

RAMÓN PARADA

B) Legearen aurkako lizentzien babespean egindako obrak Amaitutako obrak edo egiten ari direnak ageriko hirigintza urratze larria dakarten lizentzien babespean badaude, Administrazioak horren aurka erreakzionatzeko aparteko ahalmenak ditu. Hala ere, eta proportziotasun eta zuhurtzia arrazoiak oinarri hartuta, ahalmen horiek ezin dira egikaritu lizentziaren edozein irregularitate gertatzen denean (1992ko testu bateginaren 253, 254 eta 262. art.ak, eta Hirigintza Arauak Betearazteari buruzko Araudiaren 34, 36 eta 54. art.ak). Hariari segiz, egiten ari diren obrak hirigintza urratze larria dakarren lizentzian babesten badira, alkateak lizentziaren edo betepen-aginduaren ondoreak eten daitezen agindu ahal du (eta agindu behar du) eta, horrekin batera, lizentzia horren babespean egiten diren obrak berehala geldiaraz daitezen. Obrak eteteko erabaki hori kautelazkoa da, eta Administrazioarekiko auzibide jurisdikzioko auzitegiei dagokie lizentzia hori legearen aurkakoa den ala ez erabakitzea. Horretarako, beraz, beharrezkoa da erabakia hartzen duen agintariak erabaki hori auzitegi horiei jakinaraztea, hiru eguneko epean (Administrazioarekiko Auzibide Jurisdikzioari buruzko Legearen 118. art.). Auzitegiak gatazkaren oinarri den lizentzia deuseztatu ala baieztatu behar du, horretarako ezarri den prozedura berezi eta sumarioaren bidez. Auzitegiak emandako epaiak lizentzia deuseza dela adierazten badu, hasieran lizentziaren ondoreak eten zituen agintariak zehapen prozedura hasteko agindua eman behar du, bidezkoak diren zehapenak ezar daitezen. Aldi berean, behar den bezala eraiki ez dena errausteko eta behar den bezala errautsi ez dena berreraikitzeko erabakiko du kasuan-kasuan (Hirigintza Arauak Betearazteari buruzko 35. art.). Horren ildotik, lizentzia legearen aurkakoa dela adierazten denean, lizentzia horretan oinarrituta eraiki den guztia ez da sartzen lurjabearen ondarean (1992ko testu bateginaren 40. art.). Berebat, deuseztaturiko lizentzia eskatu zuenean, jabeak oraindik eskuratu gabe bazuen hirigintza aprobetxamendua jasotzeko eskubidea, lurra desjabetu egingo da, edota lur hori nahitaez saldu beharko da. Haatik, deuseztaturiko lizentzia eskatu zuenean jabeak eskuratuta bazuen hirigintza aprobetxamendua jasotzeko eskubidea, beste lizentzia bat eskatu behar du urtebeteko epean, agindeia egin zaionetik zenbatzen hasita (Lurzoruari buruzko Legearen 40.3. art.). Lizentziak baimendutako obrak amaitutakoan, lizentziaren ondoreak ere bukatzen dira. Horrelakoetan, beharrezkoa da obra horien oinarri den titulu juridikoa suntsitu eta kaltegarritasun prozedura edota administrazio egintzak Administrazioaren arioz berrikusteko prozedura hastea. Azken hori Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 103. artikuluak jaso du. Prozedura horretan, dena den, Estatu Kontseiluak edo autonomi erkidegoko kontsulta organoak irizpena eman be-


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (2) by elkarmedia - Issuu