Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (2)

Page 228

ERAIKINEN GAINEKO ADMINISTRAZIO ESKU-HARTZEA‌

531

A) Lizentziarik gabe egindako obrak eta lizentziak zehaztutakoaren aurka egindakoak Obra egiten denean lizentziarik gabe, Administrazioak lehenengoa eta oinarrizkoena den neurria har dezake (eta hartu behar du): obrak etetea. Erabaki hori berehala har daiteke, obra horien betepen egoera edozein izanda ere (1992ko testu bateginaren 248. art., eta Hirigintza Arauak Betearazteari buruzko Araudiaren 25 eta 29.1. art.ak). Obrak eteteko erabaki hori udalak hartu behar du eta, hala denean, autonomi erkidegoko agintari eskudunak. Arean bere, autonomi erkidegoko agintaria udalaren lekuan subrogatzen da, baldin eta agintariak udalari jarduteko agindeia egin eta gero, azken horrek hilabeteko epean agindei hori betetzen ez badu (252. art.). Obrak eta indarreko antolamendua baterakoarrak izateaz gain, interesatuak jadanik eskuratuta badu hirigintza aprobetxamendua jasotzeko eskubidea, udalak agindeia egin behar dio interesatuari, manuzko lizentzia eska dezan. Interesatuak agindei horri jaramonik egiten ez dionean, lurra eta beraren gain eginiko obra desjabetu edo nahitaez saltzen da. Alderantziz, obrak bateraezinak direnean indarreko antolamenduarekin, obra horiek interesatuaren pentzutan erraustea dekretatu behar da. Horrelakoetan, lurren jabeak hirigintza aprobetxamendua jasotzeko eskubidea eskuratu ez badu, edota lizentzia eskatzeko epeak amaitu badira, lurrok desjabetu edota nahitaez saltzen dira. Obrak egitean ez badira betetzen lizentzian nahiz betepen-aginduan ezarritako baldintzak, udal organo eskudunak obra horiek berehala eteteko agindua eman behar du. Horren inguruko espedientea tramitatu baino lehenago, alabaina, udal organoak hurrengoa agindu behar dio interesatuari: ezarritako epean, obrak lizentzia edo betepen-aginduari egokitzea. Horretarako epea, bestalde, ezin da izan obrak amaitzeko ezarri den epea baino luzeagoa. Interesatuak egokitzerik egiten ez badu epe horretan, lurrak eta egindako obrak desjabetu edo nahitaez salduko dira, egin beharreko errauspenen kostua balioespenetik kenduz. Lizentziarik gabe edo lizentziaren aurka egiten diren obrei dagokienez, Administrazioaren erreakzio aukerak ez dira obrak betetzeko epera mugatzen; haatik, obrok bukatu eta hurrengo lau urteetan ere erreakzionatzeko aukera du Administrazioak (1992ko testu bateginaren 249. art.). Bistan denez, denboraldi horretan ez du zentzurik obrak eteteak, obra horiek amaituta baitaude orduko. Dena dela, aurretik aipaturiko bide berari ekin behar zaio kasu horietan. Norbanakoak, izan ere, bere egoera erregularizatu behar du bi hilabeteren barruan, horretarako agindeia egin zaionetik zenbatzen hasita (249. artikulua).


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (2) by elkarmedia - Issuu