ERAIKINEN GAINEKO ADMINISTRAZIO ESKU-HARTZEA‌
521
razteko espedienteari (Espainiako Histori Ondareari buruzko 1985eko ekainaren 25eko Legearen 37. art.). Edonola ere, monumentuen jabetzaren arazoa ez da konpontzen neurri horiek bakarrik hartuz, hau da, eraispen obrak edota monumentuaren izaera aldatzen duten obrak eten edo debekatuz. Horren inguruan, kontutan hartu behar da jabeari mugarik gabeko artatze betebeharra ezartzen zaiola, eta betebehar horren kostuak titularraren ahalbide ekonomikoa gainditzen duela gehienetan. Hori dela bide, 1985eko Legeak beharrezkoak diren diru-laguntzak finantzatzeko bidea ezarri du; horretarako, estatuak osorik zein zati batez finantzaturiko herri lanen (ehun milioitik beherakoak edota segurtasun nahiz defentsari buruzkoak izan ezik) aurrekontuen 100eko 1 lotzen die helburu horiei (68. art.). Dena dela, diru publikoa nahikoa ez bada ere, hori ez da artatzeko betebeharraren inguruko arazoa ez konpontzeko arrazoia. Artapena ekimen pribatuarentzat errentagarria izan dadin, beharrezko gertatzen da ondasun horiei beste eginkizun eta destino bat ematea. Ildo horretatik doaz hiri birdoikuntza suspertzeko arauak, hain zuzen ere, estatuak (uztailaren 28ko 2.329/1983 Errege Dekretua), Kataluniak (1982ko abuztuaren 2ko Dekretua) eta Euskal Herriak (1983ko abenduaren 5eko Dekretua) emandako arauak.
2. ERAIKUNTZAREN KONTROLA. OBRA LIZENTZIA Lurzoruaren erabilera plangintzaren aurka gauza dadin saihesteko, hirigintza antolamenduak aurrearretazko kontrol sistema eratu du, eta obra lizentzia da sistema horren oinarria. Hortaz, obra lizentzia behar izango da, lurren transformazio materiala dakarren edozein egintza gauzatzeko.
A) Izaera juridikoa eta eraentza orokorra Baimena emateko egintza da hirigintza lizentzia. Horren bidez, baimena jasotzen duen pertsonak bere eskubidea egikari dezake askatasunez, pertsona hori eskubidearen titularra izanik. Baimena eman baino lehen, ordea, eskubidearen egikaritza hori planek ezarritako aginduekin bat datorrela egiaztatu behar da. Lizentziak, bada, ez du eraikitzeko eskubiderik ematen; are gehiago, jabetza eskubideak ere ez du zuzenean eskubide hori eratortzen. Alderantziz, Lurzoruari buruzko 1992ko Legearen testu bateginak dioenez, hirigintza aprobetxamendua jasotzeko eskubidearen bidez eskuratzen da eraikitzeko eskubidea, behin legeak ezarritako eginbeharrak epe barruan bete eta gero. Hala ere, hirigintza aprobetxamendua jasotzeko eskubidea egikaritzeko, nahitaezkoa da horretarako lizentzia ematea. Tankera horretan interpretatu behar da