PLANGINTZAREN BETEPENA
505
gero, gastuak ordaintzeko laga edota besterendu ez diren lurrak kudeaketaren barruko jabeen artean banatuko dira, euren hasierako ekarpenen eta gastuetan izandako parte-hartzearen arabera. Gainerako lurrak kudeaketa horretan sartu ez diren jabeen artean banatuko dira, horiek eman dituzten lurren arabera. Zernahi gisaz, lurrak kudeaketa horretan parte hartu duten jabeei eman eta gero, Batzorde Kudeatzaileak gainerako lurren besterentzea erabaki dezake erabateko gehiengoz, alegia, jendaurreko enkante bidez egindako besterentzea. Besterentze horren ondoriozko saldoa kudeaketa horretan parte hartu ez duten jabeen artean banatzen da, jardununean duten parte-hartzearen arabera. Batzorde Kudeatzaileak emandako erabakien aurka errekurtsorik jartzen bada (erabakiok eskubide ekonomikoak kaltetzen dituztela jakinik) eta errekurtso horiei oniritzia ematen bazaie, Batzorde horrek kalteok konpentsa ditzake, lurren adjudikazioak aldatu gabe.
5. LANKIDETZA SISTEMA Lankidetza sisteman —Lurzoruari buruzko 1992ko Legearen testu bateginaren 162. art.ak dioenez—, jabeek nahitaez laga beharreko lurra ematen dute, eta Administrazioak urbanizatze lanak kudeatzen ditu haien pentzutan. Konpentsazio sisteman gertatzen den bezala, orubeak lurrak eman dituzten jabeentzat dira eta, ondorioz, horiek dira urbanizatze prozesu osoaren onuradun bakarrak. Konpentsazio sisteman zein lankidetza sisteman, bi-bietan bete behar dira eginbehar hauek: bideak egiteko lurzorua dohainik lagatzea, aprobetxamendu tasa lagatzea eta urbanizatze lanen kostuak ordaintzea. Hori gorabehera, bada alderik sistema horien artean: lankidetza sisteman, lanak betetzearen zuzeneko erantzukizuna Administrazioak bereganatzen du. Bestela esanda, lurren jabeen mandatario edo fideikomisodun moduan dihardu Administrazioak. Jabe eta Administrazioaren arteko elkarlana bideratzeko, lankidetzarako administrazio elkarteak eratzen dira. Jabeek aukera dute elkarte horietan sartzeko ala ez, baina betepen-gune bakoitzean, ezin daiteke elkarte bat baino gehiago eratu. Elkarte hori eraentzeko arau nahiz estatutuak Hirigintza Erakunde Laguntzaileen Erregistroan inskribatu behar dira, Administrazio jarduleak arau zein estatutuok onetsi eta gero (Hirigintza Kudeaketari buruzko Araudiaren 192. art.). Edonola ere, arauketa konplexu hori ez dator bat elkarte horiek bete behar dituzten eginkizunen garrantzi eskasarekin —izan ere, alde handia dago eginkizun horien eta Konpentsazio Batzak dituen nahitaezko eginkizunen artean—. Hauexek dira, besteak beste, elkarte horrek dituen eginkizunak: Administrazioari plana betepen-gunean betetzeari buruzko iradokizunak eskaintzea; Administrazioari lanen betepena zaitzen laguntzea;