PLANGINTZAREN BETEPENA
499
bakoitzean. Hori modu sistematikoan egiten da, banaketa-alde bakoitzean mugatzen diren betepen-guneetara jabe ukituak bilduz. 144.1. art.aren arabera, betepen-guneen mugaketa egitean, kontutan izan behar da gune horiek ahalbideratu behar dutela hirigintza eginbehar oinarrizkoak batera betetzea (lagapena, berdinbanaketa eta lurraren luze-zabalera osoaren urbanizazioa). Hiri lurzoruan, betepen-guneak etenkakoak izan daitezke; jakina denez, lurzoru horietan lurren birzatiketa ekonomiko izenekoa onartu zen, lurrok etenkakoak izatearen arazoa konpondu eta lur horiek zama zehatz batzuekin kargatzeko. Hori gorabehera, hirigintza eginbehar oinarrizkoak batera bete daitezen bermatu ezin bada, sistemarik gabeko jarduketa egin ahal izango da, horren gaineko aprobetxamenduak transferituz. Beste alde batetik, betepen-guneen mugaketa antolamendu planetan euretan ager daiteke, baina udalak ere erabaki dezake mugaketa hori, bai beraren arioz, bai norbanako interesatuek eskatuta. Bigarren kasu horretan, udalak bi tramite bete behar ditu: lehenengoz, hasierako onespena egin behar du eta, horren ostean, mugaketa jendaurrean azaldu behar du hamabost egunetan. Gero, espedientea toki erakundeak berak edo hirigintza erakunde jardule bereziak ebatz dezakete. Mugaketa eragingarria izan dadin, behin betiko onespena probintziako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da (Lurzoruari buruzko Legearen 146 eta Kudeaketari buruzko Araudiaren 38. artikuluak).
3. KONPENTSAZIO SISTEMA Esan bezala, konpentsazio sisteman, lurjabeek hainbat eginbehar dituzte: nahitaez laga beharreko lurrak ematea; urbanizatze lanak euren kontura egitea; eta, azkenez, Konpentsazio Batza eratzea. Zentzuzkoa denez, ez da beharrezkoa batza hori eratzea, lur guztiak jabe bakarrarenak direnean eta titulartasun bakar horrek urbanizatze lanak bukatu arte irauten duenean. Halako kasuetan, jabe hori da udalari begira erantzukizuna duen bakarra (Lurzoruari buruzko Legearen 157.1. artikulua). Sistema horren ardatz nagusia lurjabeek eratzen duten Konpentsazio Batza da. Batza horrek nortasun juridikoaz gain, beraren helburuak betetzeko gaitasun juridiko osoa ere badu. Lurzoruari buruzko Legearen 158. artikuluak «administrazio izaera» duen erakunde gisa kalifikatu du batza, eta kalifikazio hori bat dator hurrengo inguruabarrekin: batetik, Konpentsazio Batzaren barne Udal Administrazioaren ordezkari bat egotearekin (Administrazio horren agente deszentralizatua izanik) eta, bestetik, batza horren egintzei administrazio eraentza aplikatzearekin. Hortaz, gainerako administrazio egintzek bezala —eta derrigorrezko desjabetzapenaren onuraz gain—, batzaren egintzek baliozkoak direlako presuntzioa eta premiamenduaren bitartez gauzatzen den