PLANEN ERAKETA ETA ERAGINGARRITASUNA
489
6. PLANEN INDARRALDIA, BERRIKUSPENA ZEIN ALDARAZPENA. KALTEORDAINA EMATEA DAKARTEN KASUAK Lurzoruari buruzko Legeak antolamendu planen indarraldi zehazgabea nagusiarazi du (135. art.); hori gorabehera, plan horiek berrikusi nahiz aldatu ahal izatea onartu eta arautu egin du (126.3. art.). Berrikuspenaren bidez, irizpide berriak hartzen dira lurraldearen egitura orokor eta organikoari nahiz lurzoruaren sailkapenari buruz. Irizpide berri horiek beste lurralde eredu bat aukeratzearen ondorio izan daitezke, baita inguruabar demografiko zein ekonomiko berriak agertu eta inguruabarrok antolamenduan eragin handia izatearen ondorio ere, edota antolamendu hori askiez bihurtzearena. Planaren berrikuspena egiten denean, plan osoa aztertzen da, errealitatearekin bat datorren ala ez egiaztatzeko. Berrikuspena dela eta, hiru erabaki har daitezke: indarrean dagoen planeamendu tresna ordeztea (Lurzoruari buruzko Legearen 126.4. art.), plana zuzentzat hartu eta aldatu gabe uztea, edota planaren zati bat bakarrik aldatzea. 1992ko testu bateginaren arabera, berrikuspena kasu hauetan egin behar da: a) Planak berak adierazitako berrikuspen inguruabarrak edota berrikuspena beharrezko bihurtzen duten beste inguruabar batzuk agertzen direnean. Lurzoruari buruzko Legeak zehaztu duenez, kasuan kasuko inguruabarren ondorioz berrikuspena beharrezkoa denean, autonomi erkidegoko organo eskudunak agin dezake plan orokor zein arau sorospidezkoak berrikusteko, agindu horren zioak azalduta eta toki erakunde ukituei entzun eta gero. Halaber, organo horrek idazkerari buruz bidezkoa dena erabaki behar du (126.6. artikulua). b) Planak baino maila handiagoa duen beste planen bateko zehaztapenek ukitzen dutenean plan hori. c) Planak berrikuspenerako ezarri duen epea betetzen denean. Lurzoruari buruzko Legeak agindu duenez, plan orokorrean jasotako Hirigintza Jarduketarako Egitaraua lau urterik lau urtera berrikusi behar da. Berrikuspen horren onespena —bai hasierako onespena eta bai behin betikoa— udal interesatuek egin behar dute, hilabeteko jendaurreko informazioa bete ondoren (127. art.). Legeak xedatu duen moduan, berrikuspenaren ondorioz egitaraupeko lurzoru urbanizakor antzo sailkaturiko lurzorua aldatzen denean (eta kasu horretan bakarrik), berrikuspena egin behar da planak tramitatu eta onesteko ezarri diren xedapenak beteta; dakigunez, xedapenok agintzen dutenez, onespena autonomi erkidegoko organo eskudunak egin behar du.