466
RAMÓN PARADA
tatzen badira: herri interesa, antolamendu juridikoa eta administrazio onaren printzipioak eta, batik bat, hirigintza legeria; azken horrek lekapen erreserbak debekatu ditu eta, horretara, plangintzaren xedaezintasuna eta indargabeezintasun berezia babestu ditu (1992ko testu bateginaren 134. art.). Horixe aintzatetsi du, besteak beste, Auzitegi Gorenaren 1990eko uztailaren 13ko epaiak. Epai horrek dioenez, Administrazioak administratuekin egindako akordioek ezin muga dezakete planak eratzeko ahalgoa. Hala eta guztiz ere, hitzarmenak egiten badira, ulertu behar da itun horiek baliozkotasun presuntzioa izan arren, ezin dezaketela inola ere baldintzatu geroko plangintza. Hori dela bide, hitzarmen horietan erabakitakoa ezin denean bete eta, beraz, planetan ezin direnean sartu hitzarturiko zehaztapenak, baliobestekoaren bidezko betepena eska daiteke. Beste modu batera esanda, Administrazioak jaso zituen kontraprestazioak itzuli edota kalte-galerak ordaintzeko eska dezakete norbanako ukituek (KZren 1224. art.). Zentzuz, onartezina izango litzateke plangintza zehatza gauzatuko delako hitzematearen truk, udalak bereganatzea jasotako prestazioak eta, hitzarmenaren ez-zilegitasun aitzakia erabilita, prestazio horietaz jabetzea. Hala izanik, udalak onurak aterako zizkion bere hutsegiteari. Amaitzeko, hitzarmena edo, hobeto esanda, hitzarmenaren edukia baliozkoa denean harako mugak errespetatzeagatik, plangintza tresna batean sar daiteke. Orduz geroztik, eduki horren izaera plangintza tresna jasotzailearena izango da. Horrenbestez, Administrazioak bere zuhurtziarakotasuna erabili eta eduki horiek aldaraz ditzake, plangintzaren gainerako zehaztapenak bezala; beti ere, ezin ahantz daiteke hitzarturikoa ez betetzearen ziozko erantzukizuna sor daitekeela. Hitzarmen osoa sartzen bada planaren barruan —hain zuzen ere, plan horren txostenaren eranskinetan, horixe baita hitzarmenari publizitatea emateko toki egokia—, horren zehaztapenek planaren zenbait alde interpretatu, argitu, zuzendu edo osatzeko balio dute.
8. HIRIGINTZA JARDUKETARAKO EGITARAUAK Udal Antolamendurako Plan Orokorrak ezarri bezala, egitaraurik gabeko lurzoru urbanizakorraren antolamendua hirigintza jarduketarako egitarauen bidez egiten da. Ondorenez, esan daiteke hirigintza jarduketarako egitarauak Plan Orokorraren osagaiak direla, hain zuzen ere, estrategia hutsezko arrazoien zioz, geroago gauzatzeko uzten diren osagaiak. Hariari segiz, egitarauok udal antolamendu orokorraren osagaiak dira, eta eurak garatu edo betetzeko, plan partzial bereziak egin behar dira. Zernahi den ere, lurraldea antolatzeaz gain, hirigintza jarduketarako egitarauen bidez, egitaraurik gabeko lurzoru urbanizakorraren urbanizatzea burutzen da. Egin-eginean ere, jarduketarako egitarau horiek aldi berean egin eta betetzen dira, alegia, ezinezkoa da egita-