HIRIGINTZA PLANAK. PLAN MOTAK
461
txatzeari, urbanizatzeari nahiz eraikitzeari buruzko arautegi orokorra ezarrita, probintzia osoarentzat nahiz probintziaren zati batentzat, eta arautegi orokor hori Udal Plan Orokor nahiz arau sorospidezkorik gabeko udalerriei aplikatuta (bestela esateko, probintzia eremuko Arau Sorospidezkoak emanda). Plan orokorrei begira, arau sorospidezkoek eginkizun ordeztailea betetzen dute; horrez gain, arauok plan murriztuak edo presako planak dira. Hori guztia dela eta, arau sorospidezkoek hauxe jaso behar dute, kasuan-kasuan izan beharreko xehetasunarekin: lurzoruaren sailkapena eta erabilera zehatzak finkatzeko zehaztapenak, eta zehaztapenok eragingarri izateko jaso behar diren planoak.
6. PLANGINTZA ARLOKO ZUHURTZIARAKOTASUNA URRITZEKO AHALEGINAK Plangintza ahalgoaren egikaritza baldintzatzen duten osagai arautuak gero eta gehiago dira; Administrazioarekiko auzibideetarako auzitegiek, orobat, normaltasunez kontrolatzen dute egikaritza hori. Hala ere, egun daukagun obra pribatuen hirigintzak —bereizkeria besterik sortarazten ez duenak— zuhurtziarakotasun aukera eta tentaldi ugari eskaintzen dio plan-egileari. Eraikuntza erabileren zein intentsitateen eratxikipena eta lurzoru urbanizakor eta urbanizaezinak bereizten dituzten lerroen taxuketa, besteak beste, eragin ekonomiko izugarria izan dezaketen erabakiak dira; izan ere, egun batetik bestera, erabaki horiek zenbait lurjabe aberastu eta horien mugakideak lehengo eraikitze lazerian utz ditzakete. GERARDO ROGERek ohartarazi duen moduan, «lurzoru zehatz bat egitaraupeko lurzoru urbanizakor gisa edo lurzoru urbanizagai moduan birsailkatzeak berez dakar horren hasierako balioa (landa balioa) hirigintza balio bihurtzea (bazterreko balioa, igurikimenen araberakoa). Horrek 100eko 1.000 eta 10.000 bitarteko igoera ekar dezake (konparazio batera, lehorreko lur alferra birsailkatzen bada hektarea bakoitzeko 60 etxebizitzako batez besteko dentsitatea duen bizitzeko lurzoru gisa, 50etik 5.000 pezetara arteko igoera egon daiteke lurzoru horren metro karratu gordin bakoitzeko). Beste hitz batzuez esanda, Administrazioak erabakitzen duenean lurzoru zehatz batzuk birsailkatzea, interes orokorraren arabera hiria lurzoru horietan gara dadin (EKren 47. art.), lurzoru horien jabeek ezer egin gabe (behintzat, «konta daitekeen ezer ez») izugarrizko gainbalioak eskuratzen dituzte; gainbalio horiek legean bertan daude ezarrita eta, Zuzenbide konparatuari begira, ez dute baliokiderik beste inolako jarduketetan. Birbalorazio hori, gainera, indarrean dago plana onesten denetik, horren berrikuspena egiten denera arte (hamar-hamabost urte). Dena den, hori baino harrigarriagoa da ondokoa: berrikuspena egitean gainbalio horiek urritu egiten badira, sarri askotan, lurjabeek kalteordaina eska dezakete».