460
RAMÓN PARADA
moduan baizik. 1991ko uztailaren 9ko epaiak dioenez, txostena «ez da aldian aldiko agiria, egin daitekeena ala ez, ezpada legeak ezarritako betekizun saihestezina. Arean, Administrazioak eginiko arauak izan arren, planek jabetzaren edukia arau dezakete (…); ondorenez, txostena osagai oinarrizko eta behar-beharrezkoa da, plangintzak dakarren zuhurtziarakotasun sakona nahierarakotasun bihurtu ez dadin. Are gehiago, txostenaren edukiak eratorri behar ditu plangintzaren zehaztapenak». Azkenez, Plan Orokorraren eduki ekonomikoa Ekonomia eta Finantza Ikerketa batean adierazi behar da. Ikerketa horretan, erabakitako antolamenduak dituen kostuak aztertzen dira, eta kostuoi aurre egiteko dauden baliabide publiko zein pribatuak aipatzen dira. Auzitegi Gorenak agiri hori aipatu du, horren garrantzia azpimarratzeko. Egin-eginean ere, plana eratzean ez bada egiten baliabide ekonomikoaren aurreikuspena, plan horrek ez du inolako sinesgarritasunik (Konstituzio Auzitegiak 1971ko ekainaren 19an, 1972ko azaroaren 4an, 1973ko ekainaren 7an, 1974ko urtarrilaren 21ean eta martxoaren 9an, eta 1992ko urtarrilaren 21ean emandako epaiak). Horrenbestez, agiriok plangintza arloko zuhurtziarakotasuna kontrolatzeko zeharo garrantzitsuak diren arren, agiriok ezin pareka daitezke betebehar izaerako agindu juridikoak ezartzen dituzten agiriekin (hirigintza arauetan edo antolamendu planoetan jasotako agiriekin).
5. PLANGINTZAREN ANTOLAMENDU ARAU OSAGARRIAK ETA SOROSPIDEZKOAK Arau horiek hirigintzako plangintzaren tresna arrunt eta ohikotzat hartu izan dira, eta horrek agerian jartzen du plangintzak —eta, batik bat, Udal Antolamendurako Plan Orokorrak—, hein batean, erreka jo duela. Arean bere, plangintzaren arau osagarri eta sorospidezkoen helburua, izenak berak adierazten duen bezala, plan orokorren hutsuneak osatzea da edota, halako planik egon ezean, eurak ordeztea, gutxieneko antolamendu bat ezarriz. Arauok eurek ordeztu edo osatutako planen moduko izaera nahiz hierarki maila dute. Edukiaren aldetik, plan orokorren arau osagarrien helburua da planek ezarri gabeko edota gutxi garatutako aldeak arautzea. Edozein kasutan ere, arau horiek ezin alda dezakete eurek osaturiko planetan ezarri den lurzoru kalifikazio nahiz zehaztapenik (74.2. art.). Labur zurrean, Arau Sorospidezkoen xedea ondokoa da: plangintza orokorrik ez dagoenean, plangintza horren lekua betetzea. Helburu hori bi modutara bete daiteke (75. art.): batetik, Udal lurraldeari buruzko hirigintza antolamendu zehatza definituta (hots, udal eremuko Arau Sorospidezkoak emanda), Plan Orokorrik gabeko udalerrientzat; bestetik, lurzorua babestu eta aprobe-