442
RAMÓN PARADA
daiteke egokia: hasteko, Administrazioak berma dezake eragingarritasun hori, alde bakarrez erabakitzeko duen ahalmena erabilita eta, gerogarrenean, Administrazioarekiko auzibide jurisdikziora jo daiteke. Beste alde batetik, uler daiteke norbanakoek administrazio probidentzien baliozkotasuna ukatzen dutenean edo ez dituztenean bete nahi probidentzia horiek, Administrazioak jurisdikzio zibilera jo behar duela eskubide horiek eragingarri bihurtzeko, jabetza eskubidea eta Jabetza Erregistroa auzitegi zibilen babespean baitaude. Legeak deusik ere ez dioenez, badirudi Epai Botereari buruzko Lege Organikoaren 9. artikulua aplikatu behar dela. Artikulu horrek xedaturik duenaren ariora, jabetzaren inguruko arazoak jurisdikzio zibilaren eskumenekoak dira eta, azken finean, eroslehentasun eta atzera-eskuratze eskubideei buruzko gatazkak jabetza arazoak baino ez dira. Guztiarekin ere, irtenbide horrek ez die onik egingo eskubide horien eragingarritasun nahiz helburuei.
5. AZALERA ESKUBIDEA Udalaren Lurzoru Ondarea erabiltzeko ohiko beste modu bat norbanakoei azalera eskubidea lagatzea da. Eskubide erreal horren bitartez, lur batzuen jabeak kostu bidez lagatzen du lur horien erabilpena —eraikuntza erabilpena— aldi baterako; epe hori igarotakoan, lurra eta beraren gain eraikitakoa lagatzaileari lehengoratzen zaizkio. Horrenbestez, lagapen hori aldi baterako egiten den besterentzea da, edota arlo juridiko-administratiboko hitzekin esateko, Ondareko ondasunen bakarreko erabilpenaren emakida. Ulerkera horren ildotik, Lurzoruari buruzko Legeak (hain zuzen ere, 287.etik 290.era arteko artikuluek) honako arauak ezarri dituzte azalera eskubideari buruz: a) Toki erakundeek zein gainerako pertsona publikoek azalera eskubidea era dezakete euren jabetzapeko lurren nahiz Udalaren Lurzoru Ondarea osatzen duten lurren gain. Lur horien destinoa babes publikoko eraentzaren bati loturiko etxebizitzen eraikuntza izan behar da, edota gizarte intereseko beste erabileraren bat. Lurzoru horien gaineko eskubidea azalera eskubidedunari dagokio. Norbanakoek ere eskubide bera izango dute, baina, zentzuzkoa denez, kasu horretan ez da egongo destino mugaketarik. b) Azalera eskubidea eratzeko prozedurari eta eskubide horren kostu bidezko zein dohaineko izaerari dagokionez, Udalaren Lurzoru Ondarea lagatzearen inguruan ezarritakoa aplikatu behar da. c) Azalera eskubidea sortzeko, ad solemnitatem formalitate eratzaileak bete behar dira: eskubide hori eskritura publikoan agertarazi eta, hipotekaren kasuan bezala, Jabetza Erregistroan inskribatu behar da.