Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (2)

Page 134

HIRIGINTZAREN ZIOZKO DESJABETZAPENAK‌

437

4. ADMINISTRAZIOAREN ESKU-HARTZEA ONDASUN HIGIEZINEN MERKATUAN Plangintzaren ondorioz lurzoruaren alorrean gauzaturiko ekintza publikoa osatzeko, tokiko, estatuko nahiz autonomi erkidegoetako Administrazioak ondasun higiezinen merkatuan esku hartzen du, lurzoruen eskaria eta eskaintza arautuz, edota lurzoru horiek zuzenean sortuz plangintzaren barne nahiz kanpo. Espainiako hirigintzaren kasuan, ondasun higiezinen merkatuan bilakaturiko ekintza publikoaren bidez, sistemak berak eratorritako espekulazioa saihestu nahi izan da, baina ekintza horrek ez du arrakasta handirik izan. Alde batetik, Administrazioak zeharka esku hartu du orubeen merkatuan. Horretarako erabili izan dituen teknikak honakoak dira: Udalaren Lurzoru Ondareak eratu dira; eroslehentasun eta atzera-eskuratze eskubideak aintzatetsi dira. Horrez gain, zuzenean ekintza gauzatu du Administrazioak, hala derrigorrezko desjabetzapenaren bidezko urbanizatze ekintza publikoak gauzatuta, nola hirigintza jarduketarako egitarauetan hirigintza itundua erabili da. Azken bi bide horiek planak betetzeko sistemei buruzko gaian jorratuko ditugunez, hemen lehenengo biak bakarrik aipatuko ditugu.

A) Udalaren Lurzoru Ondarea Lurzoruari buruzko 1956ko Legeak lurjabe gutxi batzuei bakarrik aintzatetsi die urbanizatzeko eskubidea, azaldu bezala. Ondorenez, legeak berak sortarazi du lurzoruaren alorreko oligopolioa. Oligopolio egoera hori hautsi edo gutxitzeko modu bat da lurzoruaren gaineko ondare publikoak eratu eta orubeen eskaintzan eragina izatea. Edozein kasutan ere, teknika horrek —geroenean ezarritako eroslehentasun eta atzera-eskuratze eskubideek bezala— gaur arte emaitza eskasak izan ditu. Udalaren Lurzoru Ondarea da lur urbanizakorraren jabeen oligopolioekin elkarlehian aritzeko formula publikoa. Formula hori ezin zitekeen aplika herri lanen hirigintza sisteman ondokoagatik: sistema horretan, orubeak proiektu publikoetatik sortzen ziren eta, ondorenez, Administrazioaren esku zegoen zabaldura nahiz barne berrikuntzarako proiektuak egin eta orubeen kopurua gehitzea. Monopolio publiko hori oligopolio pribatu bihurtzearekin batera (Lurzoruari buruzko 1956ko Legeak ezarritako sisteman gertatu zen hori), oligopolio horrek ekar zitzakeen ondorio kaltegarriak ezabatzeko kontrapozoi edo sendagarria sortu zen: Udalaren Luzoru Ondareak eratzeko betebeharra. Horrenbestez, arazoa sortarazteaz bat, arazo hori konpontzeko teknikak asmatu ziren.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.