HIRIGINTZAREN ZIOZKO DESJABETZAPENAK…
435
arekin bat datorrela baieztatu du Konstituzio Auzitegiak. Epaiak dioen bezala, jarduketa horiek burutzean, estatuak bere eskumenetako bat garatu besterik ez du egiten, derrigorrezko desjabetzapenari buruzko legeriaren arloan duen eskumena, hain zuzen (EKren 149.1.18. artikulua). Hori gorabehera, auzitegiak adierazi du estatuak ezin dezakeela finkatu hirigintza aprobetxamenduaren urripen portzentaia (100eko 25 hiri lurzoruan eta 100eko 50 lurzoru urbanizakorrean). Estatuak, aldiz, gutxieneko portzentaia ezarri behar du —eta, ondoz ondo, gehieneko portzentaia, segurtasun juridikoa zaindu eta nahierarakotasunak saihesteko—. Gutxieneko portzentaia hori abiaburutzat hartuta, autonomi erkidegoek euren hirigintza eskumena egikaritu eta portzentaia zehatza finkatu behar dute. Amaitzeko, esan daiteke «arauketa gainditzea» bezalako konstituzioaurkakotasun zio hain misteriotsua aipatzeak egoera kaskar eta nahasia sortarazi duela. Horrez gain, estatuaren eskumenekoa zer den eta zer ez definitzean, muga arras zehazgabeak erabili dira, eta horrek ere ez du askorik lagundu egoera hori argitzeko. Egin-eginean ere, muga horiek direla bide, balioespenari buruzko arauketa estatuaren eta autonomi erkidegoen artean banatu da: balioespena finkatzeko irizpide nagusiak estatuak finkatu behar ditu; autonomi erkidegoei, ostera, irizpide horien garapena dagokie. Hori guztia ikusita, berriro gogorarazi behar da epaiak legearen zati baten konstituzioaurkakotasuna adierazi duela, eta konstituzioaurkakotasun horren arrazoia izan dela estatuak bere eskumenak gainditu eta autonomi erkidegoenak ukitzea. Horrenbestez, X. kapituluan ohartarazi bezala, deuseztaturiko testu hori indarrean dago zenbait autonomi erkidegotan, alegia, legearen testua onetsi eta epaiaren aurretik nahiz ondoren bereganatu duten autonomi erkidegoetan.
3. ZUZKIDURETARAKO LURRAK LORTZEA. ZUZENEKO OKUPAZIOA Hiri antolamendurako udalerriko plan orokorrek, beste zehaztapen batzuen artean, zuzkidura publikoetarako eremuak ezartzen dituzte —esaterako, komunikazio sistemak, edota berdegune publiko nahiz erkidegoaren ekipamenduetarako gune askeak—. Horren harira, Lurzoruari buruzko Legeak bi zuzkidura mota bereizi ditu: batetik, erkidego osoak edo sektore batek baino gehiagok erabiliko dituen zuzkidurak, eta horiei sistema orokor izena eman die; bestetik, betepen-gune zehatz baten zerbitzura dauden zuzkidurak, eta horiek toki izaeradun zuzkidura publiko izena hartu dute. Aurrerago azaldu dugun bezala, hirigintza ahalmenak mailaz maila eskuratzeko bete behar diren eginbeharren artean, Lurzoruari buruzko Legearen 20. artikuluak hauexek aipatu ditu: «zuzkidura publikoetarako lurrak laga-