HIRIGINTZAREN ZIOZKO DESJABETZAPENAK…
431
Balorazio sistema horrek ez zuen inolako bidezkoketarik, goitik behera aldatu baitzuen lurren balorazioa, oligopolio egoera sortuz. Ildo berari ekinez, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak larriagotu besterik ez zuen egin egoera hori. Arean bere, Lurzoruari buruzko Legeak ezarritako balioespen irizpideak Derrigorrezko Desjabetzapenari buruzko 1954ko Legeak xedaturikoak baino urriagoak izatearen aitzakia erabilita —azken finean, 1954ko Legeak egiazko balioak ezartzen ditu (43. art.)—, Auzitegi Gorenak artean gehiago igo zituen balorazio haiek, merkataritzako balioaren aplikazio eremua zabalduta (horren barne, gehieneko hirigintza gainbalioa sartu zen, gainbalio hori espekulazio asmoekin puztuta). Bada, 1956ko Legeak berak ekarritako espekulazio egoera hori ikusita, legegileak prezioak urritzea erabaki zuen. Horretarako, lehenik eta behin, Derrigorrezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 43. art. aplikatzea debekatu zuen; horrez gain, 1975eko eraldaketarekin, bi balorazio irizpide besterik ez zituen onartu: hasierako balioa eta hirigintza balioa. Hasierako balioa lurzoru urbanizaezinari aplikatu zitzaion, hurrengo datuak kontutan hartuta: batetik, horrela kalifikaturiko lurren etekin gordina, alegia, lur horietan egiten zen edo egin zitekeen landa ustiapenaren araberakoa; eta, bestetik, lur horiek nekazaritza ustiapenerako saltzen zirenean, euren batez besteko salmenta balioa. Horrenbestez, ez ziren aintzat hartu lurron hirigintza erabilpenari zuzenean zein zeharka loturiko balio edo etekinak. Hirigintza balioa, berriz, hiri lurrei eta lur urbanizakor mota guztiei aplikatu zitzaien. Balio hori kalkulatzeko, planak lurren kokapenaren arabera ezarritako hirigintza aprobetxamendua hartu zen kontutan, hain zuzen ere, zerga ondoreetarako aprobetxamendu horri eratxikitako errentagarritasuna. Hortaz, eskuraketa tituluetan jarritako prezioak ez zuen garrantzirik.
B) Indarreko sistema 1990eko eraldaketak —1992ko testu bateginak onetsitakoak— ildo berari ekin dio. Horrela, gorago aipaturiko bi balio horiek jasotzeaz gain, berriro azaldu du balio horietatik espekulaziozko osagaiak kentzeko joera. Nolanahi ere, 1990eko eraldaketak lurzoruaren jabetza estatutua aldarazi zuen aurrerago aipatu dugun moduan, eta balio horiek aldarazpen horiei egokitu zaizkie. Beste hitz batzuez esanda, 8/1990 Legeak eginiko eraldaketan, balorazio horiek hirigintza ahalmenak eskuratzeko sistema berriari egokitu zitzaizkion. Eraldaketa horrek balorazio irizpideen bikoiztasunari ekin zion, hasierako balioa zein hirigintza balioa onetsiz; aldi berean, bigarren hori kalkulatzeko zenbait irizpide ezarri zituen, horien oinarria hirigintza eginbeharren betetze-maila izanik. GONZÁLEZ PÉREZek dioenez, baiezta daiteke sistema berrian «ez