Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (2)

Page 121

424

RAMĂ“N PARADA

Inskripzio, aurrearretazko idaztohar zein bazterreko idaztoharrak administrazio ziurtagiriaren bidez inskribatu behar dira, eta ziurtagiri horiek hirigintza organo jarduleak luzatu behar ditu. Ziurtagiri horretan, hirigintza erabakiak ukituriko pertsona, eskubide nahiz finken inguruabarrak agertarazi behar dira, hipoteka legeriak ezarritako moduan agertarazi ere. Dena dela, hirigintza legeriak besterik agintzen badu, edota errekurtsorik jarri bada, inskripzio, aurrearretazko idaztohar zein bazterreko idaztoharrak ez dira horrela egingo. Amaitzeko, 1997ko uztailaren 4ko 1.093/1997 Errege Dekretuak Hipoteka Legea betearazteko araudiaren arau osagarriak onetsi dituela aipatu behar da; arau horiek hirigintza izaeradun egintzak Jabetza Erregistroan inskribatzeari buruzkoak dira.

10. HIRIGINTZA JARDUKETEN ONDORIOZ, GAINONTZEKOEN ALDE SORTURIKO ESKUBIDEAK. BESTE LEKU BATEAN OSTATU HARTZEKO ESKUBIDEA ETA ERRETORNU ESKUBIDEA Lurzoruari buruzko Legearen laugarren xedapen gehigarriak eskubide berezia eratu du eraikin bat legez okupatzen duten pertsonentzat. Eraikin hori euren ohiko bizilekua izanik, hirigintza jardueren ondorioz utzi behar izan badute, pertsona horiek beste leku baten ostatu hartzeko eskubidea dute (euren beharrizanen araberako etxebizitzaren baten), babes ofizialeko etxebizitzen alogera ordainduta; beti ere, legeria babesleak ezarritako mugak izan beharko dira kontutan. Desjabetzapen sistema erabiltzen denean, eskubide hori Administrazio desjabetzaileari edo desjabetzapenaren onuradunari eska dakioke. Beste sistemaren bat erabiliz gero, ez zaie horrelako eskubiderik aintzatetsiko etxebizitzen okupatzaileei hurrengo kasuan: eurek emandako lurren truk, laurogeita hamar metro karratutik gorako aprobetxamenduak (bizitzeko aprobetxamenduak) adjudikatzen zaizkienean. Desjabetzapenak ez diren banakako jarduketen kasuan, berriz, errautsitako eraikinen errentariek erretornu eskubidea izango dute, errentamenduei buruzko legeriak araututako eskubidea, hain zuzen. Eskubide hori eraikin berriaren jabeari eska diezaiokete, jabe hori edonor izanda ere. Halako kasuetan, jabeek maizterren behin-behineko ostatua bermatu behar dute, harik eta erretornua egin ahal izan arte.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.