Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (2)

Page 118

LURZORUAREN ERAENTZA

421

b) Hirigintza aprobetxamenduen arloan, Administrazio jardulearen eta norbanakoen artean edozein tituluren bidez egindako erosketa, salmenta edo lagapenak. c) Hirigintza aprobetxamenduen nahitaezko transferentziak. Erregistro horren eta Jabetza Erregistroaren arteko harremanak bermatzeko, debeku hau ezarri da: Jabetza Erregistroan ezin daiteke inskribatu hirigintza aprobetxamenduen transferentzia akordiorik, baldin eta ez bada egiaztatzen —horrexetarako luzaturiko ziurtagiriaren bidez— akordio hori lehendaurrez Hirigintza Aprobetxamenduen Transferentzia Erregistroan inskribatuta dagoela (198. art.).

9. HIRIGINTZA AHALMENEN PUBLIZITATEA. LURZORUAREN ERAENTZA ETA JABETZA ERREGISTROA Hirigintza legeriak era askotara ezarri du lurren hirigintza eraentzaren publizitatea: Hasteko, aldizkari ofizialetan argitaratu behar dira, hala hirigintza planak behin betiko onestearen inguruko erabakiak, nola hirigintza ordenantza nahiz arauak. Baldintza hori nahitaez bete behar da arauok balioa izan dezaten araudi gisa. Horrez gain, planak eta gainerako antolaketa tresnak publikoak dira eta, ondorenez, edozein pertsonak eurei buruzko kontsulta egin edo informazioa eska dezake plan horien udal mugartean (133. art.). Beste publizitate modu batzuk hauek izango lirateke: agiriak aztertzeko eskubidea, hirigintza eraentzari buruzko informazioa eta, azkenik, hirigintza zedularen eraentza. Are gehiago, edozein administratuk eska diezaioke udalari txosten idatzia egiteko beraren finka, betepen-gune nahiz sektoreari aplikatzeko moduko hirigintza eraentzari buruz. Horrela, udalak hilabeteko epea du txosten hori egiteko (eskabidea egin zenetik zenbatzen hasita), eta txosten horretan, batetik, finkaren banaketa-aldeari dagokion aprobetxamendu tasa adierazi behar du eta, bestetik, informazioa ematen den unean administratuak eskuratuta dituen hirigintza ahalmenen maila. Bestalde, udalek Jabetza Erregistro eskudunari bidali behar diote hirigintza eginbeharrak bete direla egiaztatzen duen ziurtagiriaren kopia. Betebehar horrek badu helbururik: finka bakoitzaren inskripzioan, bazterreko idaztohar egokia egitea (43. artikulua). Esan bezala, lurren hirigintza eraentzaren publizitatea gauzatzeko beste modu bat hirigintza zedula da; zedula hori udalek sor dezakete ordenantza egokian. Agiri horrek udal mugarteko finken hirigintza inguruabarrak egiaztatzen ditu, eta bere izena lur edo eraikinaren hirigintza zedula da, bertan ja-


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Administratiboa III - Ondasun publikoak. Hirigintza zuzenbidea (2) by elkarmedia - Issuu