LURZORUAREN ERAENTZA
409
Aprobetxamendu horren zehaztapena edo «ordainketa» honela egin daiteke: betepen-guneren baten sartuta dauden lurren kasuan, eraikitzeko moduko lurzatiak adjudikatuta; adjudikazio desberdinak egonez gero, gutxien jasotzen dutenei konpentsazio ekonomiko egokiak emanda; edota, atzenean, adjudikazioaren ordezko konpentsazioa eginda. Hiri lurzoruan betepen-gunerik ez dagoenean, berriz, jabearen lurzatian bertan gauzatzen da aprobetxamendu hori; edozein kasutan ere, aprobetxamenduaren titularraren lurzatia herri erabilerari lotuta dagoenean, hirigintza aprobetxamendua banaketa-alde bereko irabazizko beste lurzati batean gauzatzen da. Behin hirigintza aprobetxamendua jaso eta gero, aprobetxamendu horrek %50eko urripena izango du, eraikitzeko lizentziarik ez bada eskatzen hirigintza legeriak nahiz plangintzak ezarritako epean, edota, eperik zehaztu ezean, aprobetxamendua jaso eta hurrengo urtean (betepen-guneetan sartu gabeko hiri lurzoruaren kasuan, plangintza onetsi eta hurrengo bi urteetan). Ez-betetzea adierazten duen administrazio ebazpena interesatua entzun eta gero eman behar da, eta ebazpen horretan, lurrak desjabetu edota derrigorrezko salmentari lotzea erabakitzen da (30. art.).
4. ERAIKITZEKO ESKUBIDEA ETA ERAIKITAKOARI BURUZKO ESKUBIDEA Hirigintza eskubideak mailaz maila eskuratzea dakarren sistema desitxuratu horretan, hirigintza lizentziaren definizioa ez dator bat lizentzia horren benetako izaerarekin. Hirigintza lizentzia, izatez, lehendik zegoen eskubidea egikaritzea ahalbideratzen duen administrazio baimena da, baina sistema berri horretan, eraikitzeko eskubidea sortarazten duen titulu gisa eratu da: «Lizentzia emateak eraikitzeko eskubidea eskuratzea dakar, baldin eta aurkezten den proiektua bat badator aplikatu beharreko hirigintza legeriarekin» (testu bateginaren 33. art.). Lizentzia ematea egintza arautua da, ez zuhurtziarakoa; hori dela eta, Administrazioak nahitaez eman behar du lizentzia hori proiektua bat datorrenean kasuari aplikatu beharreko plangintzarekin, eta proiektu horrek betetzen dituenean hirigintza arauak betearazteari buruzko kapituluan zehaztuko ditugun betekizunak. Hori dela eta, hurrengo kasuetan eragiten diren kalte-galerak Administrazioak ordaindu behar ditu: lizentzia deuseztatu, arrazoirik gabe berandutu edota bidegabe ukatzen denean. Guztiarekin ere, kaltetuari egotz dakiokeen dolo, erru zein arduragabekeria larria egonez gero, Administrazioak ez du zertan kalteordainik eman (240. art.). Edukiaren alorrean, lizentziak hauxe zehaztu behar du, kasuan-kasuan aplikatu beharreko arauen arabera: obrak hasi, gehienez geldiarazi eta amai-