LURZORUAREN ERAENTZA
403
nean. Duda-izpirik gabe, proiektuan eskubide hori zinezko eskubide subjektibo modura eratzen da (aurkezturiko planak plangintza orokorrak ezarritako antolamendua betez gero, plan horren onespena lortzeko eskubide subjektibo modura, alegia). Lurzoru horren jabeei dagozkien eginbeharrak hauexek dira: a) plangintza betetzen hasi aurretik, horrek eratorritako onura zein zamak berdintasunez banatzea lurjabeen artean; b) bidezko lagapen guztiak egitea, bai nahitaezkoak, bai eta dohainekoak ere —hots, hurrengo lurrak lagatzea: bide, gune aske, berdegune eta toki izaeradun zuzkidura publikoetarako lurrak; jarduketan sartutako edo jarduketari atxikitako sistema orokorretarako lurzorua; eta, azkenez, kasuan kasuko sektore edo eremuko aprobetxamenduaren 100eko 10 adina lurzoru (edo autonomi erkidegoetako legeriak ezarritako portzentaiaren bestekoa, portzentaia hori txikiagoa denean)—; c) ondoko obren kostua ordaindu eta, hala behar denean, obrok egitea: sektore osoko urbanizatze obrak, jarduketaren kanpoko sistema orokorrekin lotzeko azpiegiturak, eta jarduketaren tamaina, dentsitatea nahiz horrek eratorritako erabilera intentsitatea dela-eta sistema horiek indartu edo zabaltzeko behar diren obrak.
C) Egitaraurik gabeko lurzoru urbanizakorra Desagertzear dagoen lurzoru hori honela defini dezakegu: izatez, Udalerriko Plan Orokorrak urbanizatzeko moduko lurtzat hartzen duen lurzorua da, baina lur hori urbanizatu ahal izateko, hirigintza jarduketarako planak onetsi behar dira [Lurzoruari buruzko Legearen 11.1 eta 2.b) art.ak]. Horrenbestez, Plan Orokorrak onartzen du lur horiek urbanizatzea, baina berak ezarritako Hirigintza Jarduketarako Egitarauan, ez da jasotzen urbanizatze prozesu hori. Ildo horretatik, Hirigintza Jarduketarako Egitaraua onetsi arte, egitaraurik gabeko lurzoru urbanizakorraren eraentza eta lurzoru urbanizaezinarena berdinak izango dira: ezin daiteke ezer urbanizatu edo eraiki ez batean eta ez bestean, lurzoru mota biek bete behar baitituzte lurzoru eraikiezinaren mugapenak; gainera, plangintzak ezarritako erabilera bateraezintasunak errespetatu behar dira, eta ezin dakieke behaztopa egin lurzoru horren gain gauzatzen ari diren jarduerei, baldin eta jarduera horiek plangintzaren helburuak betetzeko egiten badira. Behin Hirigintza Jarduketarako Egitaraua onetsi eta gero, egitarau horrek ukituriko lurzoruak egitaraupeko lurzoru urbanizakorraren eraentza izango du. Lurzoru hori urbanizatu ahal izateko, beraz, plangintza partziala onetsi behar da, hirigintza jarduketarako egitarauak zehaztutako epean. Horrez gain, zenbait mugapen, betebehar nahiz zama ere izan behar dira kontutan, alegia, egitarauan bertan, egitarua onesteko erabakian, edota egitaraua betetzeko lehiaketaren oinarrietan ezarriak. Zernahi gisaz, mugapen, betebehar nahiz za-