Doktrina - Finantza Zuzenbidea

Page 71

ARAUEN INTERPRETAZIOA

71

erabil ditzakeen bide juridikoez. Horrez landa, zergak aurrezteko aukera edo plangintza fiskala erabat zilegi, legezko eta Zuzenbidearen araberakoa da, tributu lege-iruzurrarekin alderatuta; izan ere, zergadunak eskubidea du bere negozioak berari merkeen datorkion moduan antolatzeko. 38. Tributu lege-iruzurrari aurre egiteko bideak Helburu horrekin, bide ugari erabili izan dira. Alde batetik, interpretazio funtzionalaren teoriara jo da. Horren arabera, garrantzitsuena da egoera baten eduki ekonomikoa, eta ez alderdiek egoera horri eman dioten itxura juridikoa. Horrenbestez, kasuan kasuko karga ezarri behar da, alderdiek euren arteko negozioari emaniko itxura juridikoa gogoan izan gabe. Teoria hori Administrazioak berak erabili du. Guztiarekin ere, teoria horren erabilerak dakartzan ondorio negatiboak ikasgai honen hasieran ikusi genituen: segurtasun juridikorik eza, Zuzenbidearen sormen askea eta abar. Espainiako legegileak bestelako bidea erabili zuen TLOren lehengo 24. artikuluan oinarriturik. Lege-iruzurrari aurre egiteko asmoarekin, analogiaren aparteko aplikazioa xedatzen zuen artikulu horrek. Tributuen Lege Orokorrak ahalbideratzen zuen aukera hori berehala kritikatu eta arbuiatu zuen doktrinak; arean bere, 1995eko eraldaketa egin arte, oso kritikatua izan da artikulu horren idazkera. Horrela, lege-iruzurraren aurka egitean, ez da analogiarik aplikatzen; aitzitik, kasu bakoitza benetan arautzen duen manua aplikatzen da (iruzurraren bidez saihesturiko legea), norbanakoak bere burua babesteko erabili duen araua aplikatu beharrean (babesgarri erabili den legea). Hirugarren bidea honako hau izango litzateke: erabili den egintza edo negozioa beren beregi jartzea Zuzenbideko tipoaren barne eta alboratu nahi izan den arauaren menpe. Azken teknika horixe da segurtasun juridikoari hobeto egokitzen zaiona, baina baditu desabantaila latzak ere: legegilea beti ibiltzen da berandu —iruzurra gauzatutakoan—, eta, horrez gain, tipoaren barruan sartzen ditu iruzurrezkoak ez diren kasuak ere. Espainiako legegileak usu erabili ohi du bide hori, lege-iruzurrari aurre egiteko. Horrezaz aparte, xedapen berezi horiek ugaritzeak ekarri du legeria fiskala gero eta konplexuagoa eta ulergaitzagoa izatea. Gaur egun, Espainiako legegileak, aurreko bideaz gain, lege-iruzurra debekatzen duten klausula orokorrak erabiltzen ditu; egia esan, debekatu baino gehiago, legegileak ez ditu aintzat hartzen alderdiek erabili dituzten abusuzko formak. Horrela, eta aurrerago aipatu bezala, TLOren 15. artikuluan lege-iruzurrari aurre egiten zaio, saihestu nahi izan den araua aplikatuta; zeregin horretan, ez da zehapenik ezartzen, baina berandutza-korrituak kontuan hartzen dira.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.