Doktrina - Finantza Zuzenbidea

Page 239

TRIBUTUEN IKUSKAPENA

239

keta-izaera ere. Ikuskatzailetzaren azken helburua beti izan da egia bilatzea edo, behintzat, froga daitezkeen datu eta egitateak bilatzea, baita subjektu pasiboaren adostasunarekin, likidazioaren euskarrirako irmoak diren datuak bilatzea ere. Ikerketa edo bilaketa lan horiei beste eginkizun bat gehitu zaie: subjektuaren tributu-egoera erregularizatzea, likidazio egokiaren bitartez. Hasieran, ikuskapen-jardueraren bidez egitateak bakarrik egiaztatu ohi ziren, baina egungo egunean, ikuskapenak bere gain hartu du likidazio-eginkizunak dakarren zeregina ere, alegia, arau juridikoak aplikatzea. Egiaztapen-jarduera administrazio-prozeduraren bitartez garatu behar da. Prozedurak bat baino gehiago izan daitezke, kasuan-kasuan. Gainera, prozedura hori alderdien aurkakotasunean gauzatutako prozesuarekin parekatu nahi izan da; hala ere, hori ezinezkoa da, prozedura hori Administrazioak hasi, bultzatu eta erabakitzen duelako. Dena den, ikuskapen-jarduna ez da nahitaezkoa, tributuak behar bezala aplikatzeko. Erabiltzen direnean, izaera arautua dute, hots, legeak agindutako bidetik jorratu behar dira. Esangura horretan, jarduna administrazio-eginkizuna da, tributu-eginkizunaren barnekoa; horren zeregina, berriz, tributu-egoerak egiaztatu, ikertu eta erregularizatzea da, erregularizazioa behin betiko likidazioen bitartez egiten delarik.

ยง59. IKUSKAPEN-JARDUNA, TRIBUTUEN KUDEAKETAN Jarduketa hauek bildu dira ikuskapenera: datuak egiaztatu eta ikertzea; tributuen arloan garrantzia duen informazioa lortzea; eta, azkenik, txostenak egin eta aholkuak ematea.

138. Datuak egiaztatu eta ikertzea TLOren 145. artikuluaren arabera, ikuskapen-prozeduraren helburua da subjektu pasiboek eta tributu-betebeharpekoek Herri Ogasunari begira dituzten betebehar eta eginbeharrak behar bezala bete dituztela egiaztatzea eta ikertzea, eta hala badagokio, betebeharpekoaren tributu-egoera erregularizatzea likidazio baten edo batzuen bidez. Bestalde, TLOren 145. artikuluak egiaztapena eta ikerketa bereizten ditu. Lehenengoa subjektuak aitortutako datu eta egitateen ingurukoa da; bigarrenaren bidez, ostera, aitortu gabeko datuak aztertzen dira. Nolanahi den ere, bereizketa hori nahasi egiten da, eta 115. eta 145. artikuluetan bi-biak eratxiki zaizkie Ikuskatzailetzari. Hori dela eta, esan daiteke egiaztapena eta ikerketa batera eta bereizketarik gabe garatzen direla.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.