arrazionala ulertzen, horren hedapena eta ezagutza herritarren artean oso handia ez zelako. Horrela, 1789ko uztailean, nazio biltzarra oinarrizko eskubideen adierazpen baten beharra zegoen ala ez eztabaidatzen ari zela, erabilitako arrazoinamenduetako bat izan zen herritarrei horren berri eman behar izatea. Bide horretatik, ez da harritzekoa Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena, 1789ko abuztuaren 26koa, honela hastea: «Gizakiaren eskubideak ez ezagutu, ahaztu edo mespretxatzea dira zorigaitz publikoen eta agintarien ustelkeriaren eragile bakarrak (…)»21. Adierazpen horretan ondo baino hobeto agertzen dira ideologia politiko liberalaren oinarrizko kezka biak, hots, gizabanakoa eta norbanakoaren askatasuna. Ez da ahaztu behar iraultza, besteak beste, estamentuzko gizartean zeuden mota guztietako mugapenen aurkako erantzuna izan zela; mugapen horiek edonork jasaten zituen jaiotzatik. Bada, bilatutako askatasuna zen, kanpo mendekotasunetatik askatzea, bai eta gizartean ezarritako loturak apurtzea ere. Norbanakoaren askatasunari kalte egin diezaioketen korporazio, gremio, erlijio kongregazio, langileen koalizio eta elkarteak mesfidantzaz hartu eta batzuetan debekatu egin ziren. Baina askatasun liberala, batez ere, ulertu zen zapalkuntza eta nahierakeria politikotik askatzeko bide gisa, hau da, estatuaren aurrez aurreko askatasun legez edo askatasun negatibo gisa. Askatasunari buruzko ideia horrek, logikoa denez, botere politikoaren ikuskera murrizgarria eragingo du, hau da, gutxieneko gobernua —gizartean ez du ia eskurik sartuko—. Gobernu ahulduak, hots, botere-banaketaren printzipioaren arabera antolatuak, bakarrik bete dezake bere eginkizuna herritarren askatasuna arriskuan jarri gabe. 4. Ideologia liberala eta XIX. mendeko erregimen politikoen praktika Zuzenbide Politikoaren ikuspegitik, istilu iraultzaileek XVIII. mendearen amaieran izan zuten ondoriorik aipagarriena konstituzioaren aroa edo, nahiago izanez gero, konstituzionalismo garaikidearen lehenengo etaparen hasiera izan zen. Etapa hori bereizten da testu idatzi batean jasotzen direlako estatu eta boterearen antolakuntzari buruzko irizpide eta arauak. Gobernuaren jatorria zehaztu eta beraren jarduna itxuratzen zuten arauak agiri batera biltzea bera botere politikoa mugatzea zekarren. Ordu arte, boterearen —monarken— ezaugarria nahierakeria zen, hau da, eskubiderik eza eta erabateko zuhurtziarakotasuna.
21 Jürgen Habermasek ideia hori garatzen du Teoría y Praxis lanean (Buenos Aires, Sur argitaletxea, 1966), 63. orrialdetik 69.erakoak.
96