Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 94

arau batzuk erabili gabe gizarte errealitatea antolatzeko. Smithek, merkataritzako harremanetan jokaera zintzoaren alde egiteaz gain, estatuari eratxikitzen dio norbanako bakoitza babesteko funtzioa, gizarteko edozein kideren bidegabekeria edo zapalkuntzen aurrean. Izan ere, Smithek ez zituen alde batera uzten ekoizpen egituratik ondorioztatzen ziren interes gatazka eta alienazioa —azken hitz hori Smithek erabili ez arren—. Estatuak ezin izango ditu erabat konpondu merkatu askeko ekonomiaren interes lehiaren ondorioz gertatzen ziren gatazkak, ez eta orekarik eza ere (Smithek, adierazitako eginkizunaz gain, ondokoak eratxikiko dizkio estatuari: defentsa kanpoan, hezkuntza —sorospidezko eginkizun gisa— eta herri lanak egitea, horien kostua oso altua baita norbanako batek egin ahal izateko). Smithek estatuari ekoizpen sistemaren parean zeregin osagarri eta sorospidezkoa ematen dio. Dena den, estatuak ez du inolako pribilegiorik eman behar, eta merkatuan ere ez du eragin behar. 3. Ipar Amerikako eta Frantziako Iraultzak Estatu liberala, antolakuntza politiko gisa, botere politikoa mugatzeko mekanismoak izateagatik bereizten dena, garrantzi handiko bi gertaeraren ondoren sortu zen: hasteko, Ipar Amerikako Iraultza, 1776tik 1787ra gertatua; jarraitzeko, Frantziako 1789ko Iraultza. Bi iraultza horiek Antzinako Erregimenetik gizarte modernorako aldaketaren adierazle moduan hartu ohi dira luzaroan. Bi fenomeno horiek aldi berean gertatu eta biak izendatzeko «iraultza» hitza erabiltzen da; baina biek abiaburu eta garapen berdinak izan zituzten. Osagai ideologikoei erreparatuta, hori da modu bakarra, bien artean antzekotasunak aurkitzeko. Ipar Amerikako Iraultza, zinez, mugimendu deskolonizatzailea izan zen, eta metropoliaren jakiterik ezaren eta harrokeriaren ondorioz gertatu zen. Mugimendu horrek aurrera egin eta berezko sistema politikoa ezarri zuen. Bestela esanda, independentziak kolonoen arteko elkarbizitza politikorako arau batzuk ezartzea ekarri zuen. Ipar Amerikako eratze egintza oso garrantzitsua izan zen, etorkizunean herrialdea zein gobernu motak eraenduko zuen adierazteko agiri idatzi bat lortzen lehena izan zelako. Agiri hori idazteko, Locke eta Montesquieuren ideiak oinarrizkoak izan ziren, baita ildo liberal berean Thomas Painek Common sense (Sen ona) panfletoan adierazitakoak ere; dirudienez, panfleto horren 120.000 kopia saldu ziren 1776ko lehenengo hiru hilabeteetan. Ideia horiek orduko Thomas Jeffersonek adierazi zituen 1776ko uztailaren 4an onetsitako Independentzia Adierazpenean. Labur-labur, hauek ziren ideia horiek: gizartea estatu eta gobernuaren gainetik dago; gobernua tresna 94


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Politikoa by elkarmedia - Issuu