tako interesari dagokion ondasun erkidego bakarra». Horrez gain, autorearen esanetan, «lehiak interes guztien artean harmonia sortzen du, baina truke askatasuna erabat ezartzen denean baino ez da perfektua; askatasun hori jabetza eskubidearen lehenengo ondorioa da, eta, beraz, gizarte ordenaren oinarrizko legeetariko bat». Beraz, fisiokraten ustez, norbanakoen interesen arteko pilaketak interes orokorra eragiten du. Testuinguru horretan, zein da antolakuntza politikoaren —estatuaren— lekua? Antolakuntza horrek ba al du zentzurik? «Gizartearen jatorrizko ordena» adierazpenak berak hitzez hitz esan nahi du ez dela beharrezkoa —desegokia dela— edozein asmakizun politikok naturazko egoera hartan esku hartzea. Baina fisiokratek beharrezko ikusten dute «agintari babeslea izatea», «gizartean ezarritako botere horrek ordena naturalaren legea betearazteko, lege horrek gure eskubide guztiak babestu eta zaintzen baititu» (Dupont Nemourskoa). Zein da orduan estatuaren eginkizuna? Estatuak ziurtatu behar du, lege naturalak eta gizarte legeak aintzat hartuko direla, bai eta horiek lege positibo bihurtu eta bete egiten direla. Beraz, estatua «gizartearen osagarria» (García Pelayo) izatera murrizten da. Estatuak erabilgarritasun instrumental eta erantsia du; geldotasuna da horren ezaugarri nagusi eta berezko egoera. «Egiten uztea da benetako legegintza —hori dio Badeauk, laissez faire, laissez passer, le monde va de lui même15 esaera gogoratuz—. Agintariak gizakiari bermatu behar dio dagokion askatasun zatia. Gizakiak askatasun hori behar du, adimena, denbora, indarra, bideak edo kapitala erabili eta naturaren ekoizpenei egoki iruditzen zaion itxura emateko. Era berean, gizakia ekoizpen horien legebidezko edukitzaile bihurtzen da, eta naturaren ekoizpen horiek erabiltzen ditu, bai berarentzat bai beste batentzat —azken horrekin elkartruke onuragarria egin nahi izango du—». 2.3. Adam Smith Fisiokratek Frantzian hasitako bideari Adam Smithek jarraituko dio Britainia Handian. Honek, fisiokratek bezala, politika merkantilistaren protekzionismoa kritikatzen du, aberastasuna handitzeko oztopoa delako. Hala ere, Adam Smith ez dator bat fisiokratek ematen duten ekoizgarritasunaren definizioarekin —etekin garbia lortzeko gaitasuna—. Autore horren ustez, ekoizgarritasuna, batez ere, lanetik ateratzen da, eta ez lurretik soilik. Ikuspuntu horretatik, jarduera ekonomikoaren adar guztiak —eta ez nekazaritza bakarrik— ekoizpen iturri izan daitezke.
15
92
«Egiten utzi, igarotzen utzi, munduak bakarrik egiten du aurrera».