Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 59

8. Estatuaren desagerpena Munduan estatu asko daude (1998an, 193 estatu zeuden) eta horietako batzuk oso berriak diren arren, azken urteotan estatuaren desagerpenari buruz hitz egiten hasi da. Mendebaldeko adituak aritu dira batik bat lan horretan, eta Europako estatu zaharrak izaten dituzte horiek gogoan. Hala ere, gai horretaz kezkatuta dauden aditu guztiek ez dute desagerpenari buruz hitz egiten, berba horren esangura hertsian, estatuaren krisiaz edo gainbeheraz baino. Ba al dago zantzu nahikorik desagerpen hori berehala gerta daitekeela pentsatzeko? Zein datutan oinarritzen dira iritzi hori defenditzeko? 1988an, David Heldek adierazi zuen eremu batzuetan estatuaren autonomia mugatzeak estatuaren subiranotasuna de facto murrizten zuela. Modu zehatzean, hurrengo hauen arteko desfase edo desegokitasunari buruz hitz egiten zuen: batetik, estatuaren botere politikoaren menperatze formala; bestetik, ekoizpen, banaketa eta elkartrukerako ekonomia sistema, hegemonia botereak eta botere militarreko blokeak egotea, eta erakunde eta nazioarteko agentziak izatea, besteak beste, Nazio Batuen Erakundea (aurrerantzean, NBE), Nazioarteko Diru Fondoa, Europako erkidego erakundeak eta estatuz gaindiko jurisdikzioa duten auzitegiak11. Adibide bat ipintzearren, ezin da zalantzan jarri Europar Batasunean hartutako neurri gehienek murriztu egin dutela estatu kide bakoitzaren eskumena hurrengo arlo hauetan, politika beregain gauzatzen jarraitzeko: ekonomia, enplegu, hezkuntza, pertsonen joan-etorri askea, delitugintzaren aurkako borroka, erabaki militarrak hartzea etab. Ez dago zalantzarik estatuaren boterea, hau da, herritarren bizitzako oinarrizko alderdietan eragina izateko gaitasuna, murriztu egin dela nazioaz kanpoko harremanek eta lotura ekonomikoek gero eta pisu gehiago dutelako, eta merkataritza eta merkatu askearen ideologiak garrantzi handiagoa hartu duelako. Ideologia horren buru ipar amerikarrak dira. Dena den, ziklo ekonomiko berri honen eragin politikoek ez dute estatua desagerrarazi; baina agerian utzi dute nazioarteko finantza-kapitala eta enpresa multinazionalak oso boteretsuak direla eta horiek estatuari erronka dakarkiotela. Estatuak erabakiak hartzeko dituen independentzian eta autonomian, aldiz, eraginak izan dituzte horiek; hala ere, gertaera ez da berria, gogora ekartzen badugu blokeei buruzko sistema bipolarra, 1945etik aurrera ezarritako indarren korrelazioak sortua. Gaur egun, ordea, estatuaren mendekotasuna handiagoa da, eta mugapenak komeni baino handiagoak.

11 David Held, Political Theory and the Modern State (Stanford, Ca., Stanford University Press, 1989), 228. or. eta ondorengoak.

59


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.