Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 49

bakarrik hartzea lurraldeak estatua zehaztu eta mugatzen duela ahanztea da. Ondorio gisa, estatu eta lurraldearen arteko harremanen konplexutasuna azpimarratu behar da. Horrez gain, hurrengo galdera hauek egin behar dira: noraino defendi daiteke subiranotasunaren lurralde izaera? Nola azal daiteke duela gutxi Palestinako estatua eratzea? Gizakiak gutxi mugitzea ezinbesteko baldintza al da derrigortze ordena instituzionalizatua eratzeko? Estatuaren Teoria ez da gai izan galdera horiei guztiei erantzun bateraturik emateko. 5. Herria Pierre Vilar-ek Azterketa historikorako hiztegiaren sarrera liburuan hauxe dio: «gizateria sailkatzeko hurrengo kontzeptuak erabiltzen direnean, zalantza, nahaste eta gorabeherak agertzen dira, dudarik gabe: arrazak eta etniak, klanak eta tribuak, erkidegoak eta hiriak, herriak eta nazionalitateak, erresumak eta inperioak, nazioak eta estatuak. Badirudi, hitz horien edukia orok dakiela, nahiz eta askotan definizio soziologikorik egon ez edo, egonda ere, eztabaidagarriak izan eurok. Aldi berean, historialariek, kazetariek eta, arrazoi gehiagoz, eguneroko hizkerak kontzeptuok maiz erabiltzen dituzte, zehaztasunaz arduratu gabe. Hori dela eta, askotan hitz batzuk sinonimo gisa hartzen dituzte benetan sinonimo ez direnean, eta apur bat aldenduz gero, kontzeptuok modu anakronikoan erabiltzen dituzte, erabili ere»7. Kontzeptu horiek guztiak ez dira argiak, hainbat planteamendutan eta hainbat ikuspuntutatik erabiltzen direlako. Antropologiak, Historiak, Soziologiak eta Politikak, ziur asko, herri edo nazio ideiari eduki ñabartua ezarriko liokete. Beraz, aukeratutako esanahia zehatz azaldu behar da eta, hori bai, ikertzaileak jarduten duen eremuko ezaugarri bereziekin aberastu behar da kontzeptua. Izan ere, Zuzenbide Politikoaren ikuspuntutik «herri» hitza ezin da parekatu biztanleria edo arrazarekin. Era berean, ezin da «kultura baten euskarri» gisa hartu, eta ezin da gizarte klase zehatz batekin identifikatu. «Herria», politikaren ikuspuntutik, hurrengo hauekin lotura estua duen kontzeptua da: boterearekin, boterea lortzeko edo boterearen aurkako borrokarekin eta botereak beraren egikaritzan hartutako moduekin.

7 Pierre Vilar, Iniciación al vocabulario del análisis histórico (Bartzelona, Crítica Ed., S.A., 1980), 146. or.

49


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Politikoa by elkarmedia - Issuu