Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 356

4. Botere judizialaren gobernua «Magistraturaren Kontseiluak (Frantziako 1946ko Konstituzioan, Italiako 1948ko Konstituzioan eta, harrezkero ere, Portugal eta Espainiako konstituzioetan) formula gisa agertzen dira (…) auzitegien independentzia bermatzeko, botere judiziala estatuaren bestelako botereetatik babestuz. Independentzia horretan jarri ohi da indarra, eta horrek maiz-sarri ekarri du Magistraturaren Kontseilua botere judizialaren autogobernurako organo moduan eratzea (…). Autogobernu horrek bi ondorio ditu: bata, kontseiluaren kide guztiak edo gehienak epaile izatea eta, bestea, kide horiek (edo euretatik gehienak) epaileek eurek aukeratzea»8. Zati batez bada ere, horixe da 1978. urteko konstituziogile espainiarrek eta 1/1980 Lege Organikoaren egileek uste zutena; lege horrek arautu du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (aurrerantzean, BJKN), eta horixe da, hain zuzen ere, botere judizialaren gobernurako organoa. Zati batez diot, BJKN osatu behar zuten hogei kide horietatik hamabi bakarrik baitziren aukeratzekoak epaile eta magistratuen artean, eta eurek eginiko hautaketaren bidez. Beste zortziak abokatuen eta juristen artean aukeratu behar ziren, betiere, Gorteek proposatuta, hau da, Botere Legegilearen bidez. Autogobernuaren eskakizuna, horratik, zati batez bakarrik babestu zen, independentzia judiziala bermatzeko tenorean9. Urte batzuk geroago, irizpide hori aldatu zen. 2/1985 Lege Organikoak Gorteei eratxiki zien jatorri judizialeko hamabi kideen hautaketa. Horrela, izaera demokratikoa eman zitzaion Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari. BJKN hori estatuaren botere baten gobernurako organoa da. Botere hori, estatuaren beste botere guztiak bezalaxe, herri subiranoaren emaitza da. 2/1985 Lege Organikoaren irtenbideak, oraindik indarrean dagoenak, galdera pisutsu batzuk sortzen ditu. Horiek azpimarratu behar dira.

8 Luis López Guerra, «La legitimidad democrática del juez», Cuadernos de Derecho Público, I, 1997, 71. 9 Horren aurka idatzi zuen —kontrako hau erabat betegarri ez bada ere— Pérez Tremps irakasleak: «Hasteko, kontrakarrekoa omen da, botere judizialaren independentzia eta autogobernuaren ideiarekin, botere horren kide ez diren norbanakoak botere legegileak izendatzea. Hala ere, independentziak ezin du egundo ere bakardadea ekarri; askoz gutxiago, korporatibismoa eta pribilegioak. Komeni da, beraz, botere judizialeko ez diren batzuk, herriaren ordezkariek hautatuak, alegia, Gorteek aukeratuak, antolakuntza jurisdikzionalaren jakitun izatea. Justizia estatuaren zeregina da eta, neurri batean behintzat, zerbitzu publikoa ere bada. Horretan gizarteak badu zeresanik, eta argibideak jaso behar ditu. Horrek ahalbidetzen du magistraturaren kideak gehienekoak izatea euren gobernu-organoan eta, aldi berean, bertan aipamen handiko pertsonak izatea, botere judizialaren kide ez direnak», J. De Esteban eta L. López Guerra (J. García Morillo eta P. Pérez Tremps irakasleen laguntzarekin), El Régimen Constitucional Español, I, Ed. Labor, Madril, 1980, 241.

356


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.