dakariak Ganberen gizabanako ospetsuekin aldian aldiko harremanak izaten zituen; harreman horien helburua zen gizabanako ospetsu horiek Parlamentua zuzentzeko lanetan parte-hartzea12. Bozeramaileen Batza organo politikoa da, Parlamentuko taldeen bozeramaileek osatua. Ganberaren lehendakariaren burutzapean egiten ditu bilerak. Bilera horietara doaz —botorik gabe— mahaikideak eta Gobernuaren ordezkariak. Oro har, Bozeramaileen Batzari bi zeregin mota egozten zaizkio: 1. Aholku-emaileak. Bozeramaileen Batzak esan beharrekoa nahitaez entzun behar da, horren iritzia loteslea ez bada ere, Mahaiak edo lehendakariak erabaki jakin batzuk hartu behar dituenean. 2. Erabakitzaileak. Horien artean funtsezkoena da eguneko gai-zerrenda finkatzea. Zeregin hori dela eta, Bozeramaileen Batzari organo zentralaren izaera eratxikitzen zaio; izan ere, eguneko gai-zerrenda zehaztea «da, egitez, ekintza politikoaren edukia zehaztea»13. Bozeramaileen Batzak erabakiak hartuko ditu aho batez edo, bestela, boto haztatuko sistemaren bidez. Sistema hori dela medio, Parlamentuko talde bakoitzak ordezkari bat du Bozeramailearen Batzan; taldeak Osoko Bilkuran zein pisu izan eta pisu berbera izango du ordezkari horren botoak Bozeramaileen Batzan. Irizpide horiek zehaztasun osoz islatu nahi dute Ganberako indar politikoen garrantzia. Horrek, nolanahi ere, badu arriskurik, gehiengoaren eta gutxiengoen arteko desberdintasunak areagotu baitaitezke. Izan ere, gutxiengo horiek arazo larriak izango dituzte eguneko gai-zerrendan interesekoak dituzten gaiak sartzeko, baldin eta gai horiek deseroso edo kaltegarriak badira, Gobernuaren aldeko gehiengoarentzat.
5.4. Osoko Bilkura eta batzordeak Osoko Bilkura ganberakide guztien bilkura da. Horren geldotasunak eta formalismo larregiak ekarri zuten, XIX. mendean jada, organo txikiagoak sortzea, osoko bilkuraren lana prestatu eta arintzeko. Egun, batzordeen zeregina ez da Osoko Bilkuraren lana prestatzea bakarrik; aitzitik, ezari-ezarian, batzordeek euren zereginak berrindartu
12 I. Torres Muro (aip. art.), 231. Ikus, berebat, L. Rebollo, La Junta de Portavoces (Madril, Estudios de la UNED, 1998). 13 L. Grange, «La fixation de l’ordre du jour des Assemblées Parlementaires», Études sur le Parlement de la Vème Republique (Paris, Guichard-Ayoub, 1965), 175.
330