b) Euren jokabidea Parlamentu erregelamenduari egokitzea, eta Parlamentuaren ordena, begirunea eta diziplina betetzea. c) Ezin Parlamentu jarduna zabaldu izatea, baldin eta hori, erregelamenduaren arabera edo Ganberaren erabakiz, isilpekoa bada. d) Bateraezintasunei buruzko arauak betetzea. Bateraezintasunak berarekin dakar goi kargu jakin batzuk ez izatea edo jarduera batzuetan aritu ezin izatea, ordezkaritza-agindua dagoen bitartean. Parlamentuko bateraezintasunek xede dute Parlamentuaren zeregina modu independentean egikaritzen dela bermatzea, estatuaren beste organoei begira, bai eta indar politiko, gizarte-indar edo indar ekonomiko zehatz batzuei begira ere.
3.2. Parlamentu-onurabideak Parlamentu-onurabideek, alegia, bortxaezintasunak eta ukiezintasunak, aurrekaririk apartekoena dute pribilegio jakin batzuetan. Arean bere, hiri batzuek, Gaztelan nahiz Aragoin, euren prokuradore eta sindikoei ematen zizkieten halako pribilegioak, Gorteak batzen zirenean. Gorte horietara joateko, bidaia luze eta arriskutsuak egin behar ziren, eta, horregatik, prokuradore eta sindikoen segurtasuna bermatu beharra zegoen. Bidaietan ez ezik, Gorteen bilera bitartean ere, beharrezkoak ziren onurabide horiek4. Esangura sakonagokoak dira, edozelan ere, Ingalaterrako aurrekariak (XIV eta XV. mendeak), hots, bortxaezintasuna —freedom of speech (hitz egiteko askatasuna)— eta ukiezintasuna —freedom from arrest or molestation (atxilo edo mehatxuetatik libre izateko askatasuna)—. Geroago azalduko ditugu horiek. Parlamentu-onurabideak ez dira parlamentukideen pribilegio berezkoak, ezta eskubide subjektiboak ere. Horiek ez dira ematen norbanakoen arabera, ezpada Ganbera Legegilearen kide izateagatik, ganbera hori herri borondatearen adierazle delako. Horrexegatik, parlamentukideak ezin ditu
4 García de Valdeavellanok esana: «Gorteetara bidaltzen ziren ordezkariek, batzuetan, salaketa, larderia, lapurreta eta atxiloketak jasan behar zituzten. Horregatik, lege batzuek, bereziki Valladolideko Gorteenek —1371— bortxaezintasun-berme batzuk agindu zituzten ordezkarientzat, hiriek emandako agintealdiak iraun bitartean». Orobat, «Hiriek (Aragoin eta Katalunian) sindikoei ematen zieten txartel berezia, euren banakako bortxaezintasuna bermatzeko, joan eta etorriko bidaietan, eta Gorteek iraun bitartean», Curso de Historia de las Instituciones Españolas. De los orígenes al final de la Edad Media (Madril, Eds. Revista de Occidente, 1970), 475-476.
323