Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 300

2.1. Botoa unibertsala da Gorago esan dugun bezala, gaur egun botoa unibertsala da, eta boto horri ezin zaio murrizketarik ezarri, arraza, kolore, sexu, gizarte-maila, erlijio eta abarrekoen ondorioz. 2.2. Botoa berdina da Sistema demokratikoetan, hautesle orok boto bat du (one man, one vote). Horrez gain, boto guztien balioa berbera da. J.S. Millek, orduko, sufragio-berdintasuna aldarrikatu zuen, baina historian zehar ez da beti hori onartu. Zenbait alditan, sufragioa desberdina izan da. Sufragio desberdin horren motarik ohikoenak jarraikoak izan dira: a) Boto anizkoitza. Horren bitartez, hautesle berberak botoa eman zezakeen mugabarru desberdinetan. Boto anizkoitza indarrean egon zen, adibidez, Britainia Handian, 1951. urtea arte; hautesleak botoa eman zezakeen bere egoitzari zegokion tokian, bere negozioari zegokion barrutian, eta gradua zein unibertsitatetan lortu eta unibertsitate horri zegokion tokian ere. b) Boto anitza. Horren bitartez, zenbait hauteslek boto bat baino gehiago zuten; dena den, askoz jota, hiru boto izan zitzaketen. Horretarako, hautesleok baldintza jakin batzuk bete behar zituzten (lur-jabeak, zergadun handiak, jabeak, familiako buruak edota unibertsitatekoak izatea‌) Sistema hori indarrean egon zen Belgikan eta Frantzian; Britainia Handian ere hala izan zen 1968. urtea arte, Ipar Irlandako Parlamentuko Behe Ganbera hautatzeko. 2.3. Botoa askea da Boto askea konstituzioetan agertu zen lehendabizikoz, Europako zenbait testutan (besteak beste, Alemania, Italia eta Espainiakoetan). Dena den, kontzeptuaren ikusmiratik, ez da batere erraza azaltzea zer den boto askea. Dirudienez, boto-askatasunak adierazi nahi du hautesleak botoa eman dezakeela, kanpotik inolako presiorik edo derrigortzerik jaso gabe; baina, aldi berean, boto-askatasunak berarekin dakar hautagaien arteko elkarlehia askea izatea, hauteskundeen garai horretan. Ez dira nahasi behar boto askea eta aukerazko botoa. Azken horren bitartez, hautesleak hautaketa ez egiteko erabakia har dezake eta, beraz, boto-eskubidea erabiltzeko aukerari uko egin diezaioke. Egin-eginean ere, botoa eskubidea dela onartzeak abstentzioa dakar. Abstentzio larregia 300


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.