botoa emateko eskubidea) eta «egiazko herria» (gainerako herritarrek osatzen zuten hori, ez baitzuten botoa emateko gaitasunik). Hori dela eta, burgesek monopolioa eskuratu zuten, ordezkariak hautatzeko orduan2. Espainian, aberastasunaren araberako sufragioak bi aldi izan zituen: 1836. urtetik 1868. urtea arte, eta 1877. urtetik 1890. urtea arte. Europako gainerako herrietan, aberastasunaren araberako sufragioa desagertu egin zen XIX. mendearen bigarren erdian. Estatu Batuetan, aldiz, «hauteskunde-tasa» (poll-tax) izeneko sistemak indarrean iraun zuen, 1963. urtean XXIV. konstituzio-zuzenketa onetsi arte. b) Gaitasunaren araberako sufragioa Gaitasunaren araberako sufragioak eta aberastasunaren araberakoak oinarri berbera dute: sufragioa kendu behar zaie jakite zehatz batzuk ez dituztenei, hots, hezkuntza-maila jakina ez dutenei; adibidez, irakurtzen eta idazten ez dakitenei (Frantziako III. urteko Konstituzioa). Estatu Batuetan, gaitasunaren araberako sufragioaren baitan, formula berezia asmatu zen, XV. konstituzio-zuzenketa (1870. urtean onetsitakoa) bete zedin eragozteko; zuzenketa horrek debekatu egin zuen kolore edo arrazaren arabera boto-eskubidea murriztea. Arean bere, zenbait estatutan, «beltzen sufragio» izenekoa murrizteko, hauteskunde-legerian klausula umiliagarri eta diskriminatzailea barneratu zen. Klausula horri «aitonen klausula» zeritzon. Klausula horren bitartez, aberastasunean edo jakiteetan oinarritutako baldintzak ezarri ziren; alabaina, beltzak baldintza horietatik salbuetsita geratu ziren, 1867. urtea baino lehen botoa emanez gero edo botoa eman zutenen zuzeneko ondorengoa izanez gero. Auzitegi Gorenak, 1915. urtean, klausula hori Konstituzioaren aurkakoa zela adierazi zuen. 1.2. Sufragio unibertsala Sufragio unibertsalak berez dakar herritar guztiak hautesle eta hautagai izatea, euren aberastasun pertsonala, hezkuntza, arraza, kolorea, sexua, erlijioa eta abarrekoak kontuan hartu gabe. Edozein modutan ere, sufragioa ez da sekula ere guztiz unibertsala. Beste modu batera esateko, une eta toki guztietan, mugapen materialak edo juridikoak ezartzen dira, eta, mugapen horien ondorioz, herritar batzuk hauteskunde-kutxetatik eta kargu publikoetatik baztertuta geratzen dira. Herritar horien kopurua aldakor eta zehaztugabea da.
2
Ph. Ardant, Institutions Politiques et Droit Constitutionnel (Paris, LGDJ, 1992), 193.
297