gainerako diputatuekin batera, nazioaren onerako erabakiak hartu ahal izateko, Espainiako nazioaren ordezkari moduan (…)». Halaber, 27. artikuluak hauxe ezarri zuen: «Gorteak dira nazioa ordezkatzeko diputatuen biltzarrak». Antzeko zerbait adierazi zuten 1859ko Konstituzioaren 40. artikuluak eta 1931koaren 53.ak. Azkenez, Espainiako 1978ko Konstituzioak 67.2. artikuluan dioenez, «Gorte Nagusietako kideak ez dira aginduzko mandatupean egongo».
5. Ordezkari politikoaren eginkizunak izandako bilakaera Bilakaera horretan, argiro bereiz daitezke bi aldi, bai eta horien osteko hirugarren fase bat ere, egungoa, arazotsua eta ordezko irtenbiderik gabekoa. Lehenengo aldia aginduzko mandatuarena da. Fase horretan, ordezkariak ordezkatuaren jarraibideak jaso, eraman eta haren bozeramaile gisa jardun besterik ez du egiten. Hortaz, nonzerberri hutsa izanik, bitartekari horren zeregina ezeztatu nahiz ordeztu ahal da, ezer hautsi gabe. Bestela esanik, ez du axola nor den mezularia, eta horregatik maiz-sarri zozketaren sistema erabili ohi da, berori izendatzeko. Beste alde batetik, estamentu guztiek eta hiribildu nahiz hiri ororen ordezkariek taldea osatzen dute, eta talde horrek eta erregeak kidegoa osatzen dute vis- à-vis, hain zuzen ere, botere politikotik kanpo dagoen kidegoa. Arean bere, kidegoak botere horri azaltzen dizkio bere laido zein demandak eta, aldi berean, horren eskariak entzun ohi ditu. Ildo bertsutik, ordezkarien taldea kidego iragankorra edo aldian aldikoa zen: erregeak idatzitako deialdiaren aztergaien zerrendako autuak aztertu eta konpondu bezain pronto desegin behar zen kidego hori. Absolutismoaren kontrako iraultzek, ordea, beste zerbait onartu zuten: politikan estamentu loturak desegitea eta, Zuzenbideari zegokionez, gizabanako guztiak parekatzea —betiere, salbuespen esanguratsuekin—. Horrekin bigarren fasea hasi zen, alegia, ordezkaritzako mandatuarena. Fase horretan: —Hautatua izandakoan, ordezkariak hautesleekin zuen zilborrestea hausten du; horrela ordezkari horrek independentzia eskuratzen du, «nazio interes»aren edukia zein den eta horren araberako jarduna nolakoa izan behar den bere arioz erabakitzeko. —Behin bildutakoan, sufragio-pribilegioa duten gizarte sektoreen ordezkariek biltzar eztabaidatzaile, legegile eta autonomoa osatzen dute. Estatuaren barneko organo horrek, nolabaiteko iraunkortasu290