Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 275

nuen artean. Ez dago, beraz, behin betiko erantzun edo konponbiderik. Zernahi gisaz, egoera hori ezerosoa izan daitekeen arren, badira horren ondoriozko abantailak ere: «belaunaldi berri bakoitzak bere arazo politikoak konpon ditzake, bihar-etziko belaunaldiei konponbide zaharkituak ezarri gabe» (Thomas J. Anton). 7. Bestelako estatu federalak: Kanadaren kasua Esperientzia federalak hasieran uste zitezkeenak baino ugariagoak dira. XIX. mendearen erdialdetik gaurdaino ia berrogeita hamar adibide aipa daitezke, eta, egungoak hizpidera ekarriz gero, hamalau zenba daitezke guztira: Alemania, Argentina, Australia, Austria, Brasil, Kanada, Estatu Batuak, India, Malaysia, Mexiko, Nigeria, Pakistan, Suitza eta Venezuela. Kanadako federazioa 1867koa da. Urte horretan aldarrikatu zen Ipar Amerika Britainiarrari buruzko Legea (British North-america Act izenekoa). Lege hori Westminsterko Parlamentuak onetsi zuen, orduko hiru koloniek hala eskatuta, alegia, Kanada Batuak —Ontario eta Quebecek osatzen zuten hori—, Eskozia Berriak eta Brunswick Berriak hala eskatuta. Legeak bi berezitasun zituen: lehenik eta behin, metropoliak onetsitako lege arrunta zen, kolonia horietan bakarrik aplika zitekeena; bigarrenik, legearen izaera kontuan hartuta, lege hori Kanadako Konstituzioaren lehendabiziko testu bihurtu zen, eta testu horri ondoz ondoko eraldaketak gehitu zitzaizkion, harik eta Konstituzioa deskolonizatu arte. Deskolonizazioa 1982an gertatu zen, Konstituzioa aberriratu zenean. 1867ko Legeak ezarri zuenez, Kanadako probintziak modu federalean batu nahi ziren Erresuma Batuko Koroaren menpe, eta bertako gobernua monarkia britainiarraren antzera antolatu zen. 1870 eta 1949 bitartean, lurralde berriak sartu ziren antolaketa horretan, egungo Federazioa osatu arte. Federazio horretako probintziak ondokoak dira, gaur egun: Ontario, Quebec, Eskozia Berria, Brunswick Berria, Manitoba, Britainiar Colunbia, Eduardo Printzearen Uhartea, Albert, Saskatchewan eta Ternua, baita Yukoneko lurraldeak eta ipar-mendebaldeko lurraldeak ere. Ikuspegi juridiko-politikotik abiatuta, beraz, federazioa hamar probintziak eta bi lurraldek osatzen dute. Soziologiaren ikuskeratik begiratuta, ostera, hizkuntzak, erlijioak eta Zuzenbide pribatuaren sistemak bereizitako kolonizatzaileen bi gizarte-talde daude: batetik, frantsesez diharduen Quebec eta, bestetik, ingelesez mintzatzen den Kanada —Ontario horren buru izanik—. Horrez landara, bizirik dirauten herri indigenak daude: indio inuitak eta metisak. 1867ko eraketa legeak joera zentralizatzaile argia zuen sistema federala ezarri zuen, bertan xedaturiko eskumen banaketa ikusita. Izan ere, 275


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Politikoa by elkarmedia - Issuu