1936. urtean hasi zen. Bada, Francok bere erregimen politikoa ezarri zuen, eta erregimen horren oinarri izan ziren «boterearen batasuna eta eginkizunen koordinazioa». Hitz horiek aurki daitezke, aurkitu ere, «Oinarrizko Lege» deituriko horietatik azkenekoan30. Legeok emateko arrazoia izan zen, hain zuzen ere, Espainiari konstituzio bat ematea. Baina, egia esateko, lege-multzo hori Konstituzioaren ihakin kaskarra baino ez zen izan. 5.4. Erregimen totalitarioak Esan bezala, hogeigarren mendean, erregimen autokratiko anitz izan dira. Horien artean, batzuk erregimen horren aldaki astunduak izan dira, eta horiek osatzen dute, hain zuzen ere, totalitarismo izenekoa. Totalitarismo horrek minik larriena eta luzeena eragin dio gizateriari. Erregimen totalitarioek antzekotasun handiak dituzte erregimen autokratikoekin, bibion osagaiak berdintsuak direlako. Berdintasun horien artean, berbarako, hurrengoak nabarmen daitezke: boterearen baterakuntza, askatasun politikorik eza, komunikabideen gaineko kontrola, erregimenaren aurkako oposizioa zapaltzea, eta estatuaren eta Gobernuaren buruzagia bakarra izatea. Hala eta guztiz ere, erregimen totalitarioen gobernu-mota hori historian zehar bitxia izan da, beraren helburua izan delako gizaki berria eta gizarte berria sortzea. Hori lortzeko, erregimen totalitarioak herritarren jarduera politikoak kontrolatzen ditu; gauza bera egiten dute erregimen autokratikoek ere. Baina, horrez gain, erregimen totalitarioaren jomuga da gizartearen eta gizabanakoaren bizitza osoa kontrolatzea, bizitza horren alde guztiak kontrolatzea, bai eta barne-barnekoenak ere. Gobernu totalitarioak ez du inolako mugarik, gizartea plan jakin bati egokitzeko. Plan horretan, gizakiak lehengaiak besterik ez dira; hau da, pertsona bera, eta horren askatasuna eta autonomia, ez dira benetako balioak, ezpada erregimenaren eskura dauden tresnak. Hannah Arendtek ohartarazi zuen moduan, erregimen autokratikoek askatasuna mugatzen dute; erregimen totalitarioek, aldiz, askatasuna ezabatu nahi dute eta, lortu ere, hori lortzen dute. Esangura horretan, erregimen totalitarioek hitzez hitz betetzen dituzte aldez aurretik finkatutako ideiak. Esate baterako, Mussolinik, 1924. urtean, hurrengoa adierazi zuen: «Norbaitzuk ez badira dogmaren biktima bihurtu, orduan eurentzat egia ukaezina da gizateria askatasunarekin gogaituta egotea. Gizakiak orgia egin du askatasunarekin. Askatasuna jadanik ez da birjina garbi eta xumea; hori zen, ordea, aurreko mendearen hasierako belaunaldiaren xedea,
30
Lege hori Estatuari buruzko 1967ko Lege Organikoa izan zen.
259