XIV. ikasgaia
Gobernu moten gaur egungo sailkapena Santiago Sánchez González
1. Gobernuaren kontzeptua Ezaguna denez, ubi societas ibi ius, hau da, gizartea den tokian, Zuzenbidea ere bada. Modu berean, eta okerrik egin gabe, gizartea den tokian, Gobernua ere badela baiezta daiteke; gobernu hori edozein motatakoa izan daiteke —gutxienekoa, nahasia, gehiago edo gutxiago igartzen dena, eta indar handiagoa edo txikiagoa duena—. Gobernua, beraz, gizarte-bizitzari datxekio. R. M. MacIver-ek idatzi zuenez, «gizakia lurrean bizi denez geroztik, gizarte-ordena bada izan, haren existentzia-maila edozein izanik ere; eta, gizarte-ordena horri lotuta, nolabaiteko gobernua ere bada izan»1. Hori zergatik gertatzen da? Gobernua gizarte-bizitzaren nahitaezko osagaia dela jakinik, zein da horren arrazoia? Zalantzarik gabe, Gobernua sortu edo jaio da, gizarteak bizirik irauteko joera duelako. I. ikasgaian azaldu dugun bezala, gizarte-bizitzan, hamaika harreman eratzen dira, berez desberdinak diren pertsonen artean; harreman horien ondorioz, hierarkiak eta mailak agertzen dira eta, horiekin batera, neurri desberdinetako gatazkak ere. Gobernuaren bitartez, gizarteko kideen jokabideak kontrola daitezke eta, horrela, gizartearen beraren iraunarazpena ziurta daiteke, desberdintasunak eta gatazkak jasateko modukoak diren heinean. Esangura horretan, Gobernua giza erkidego guztietan azaltzen da, erkidego hori antolatzeko printzipioa baita. Esangura hertsiagoan, Gobernua pertsonen edota erakunde nahiz organoen multzoa da; multzo horrek giza erkidegoa edo giza taldea zuzentzen du, berak duen boterearen bitartez.
1
R. M. MacIver, Teoría del Gobierno (Madril, Tecnos argitaletxea, 1966), 31.
239