Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 224

da; beste batzuetan, berriz, banaketa malgua da eta botereen artean lankidetza gertatzen da; beste hainbatetan, azkenik, botere horiek nahasi egiten dira. Hori guztia kontuan izanik, honako sistema politiko hauek bereiz daitezke: lehendakari-sistemak, parlamentu-sistemak eta zuzendaritza-sistemak edo biltzarreko sistemak. Zernahi gisaz, gaur egun irizpide hori bakarrik erabiltzea askieza izan daiteke. Egin-eginean ere, sistema batzuk kategoria berean sartu beharko genituzke eta, benaz, euren jardunbidea oso desberdina da. Esate baterako, Britainia Handiko sistema politikoa eta Italiakoa parlamentu-sistemak dira; baina bakoitzaren egiazko jardunbidea oso desberdina da, batik bat, Britainia Handian eta Italian dauden alderdi-sistemak oso desberdinak direlako. Horren ondorioz, sistema politiko desberdinak aztertzeko orduan, aintzakotzat hartu behar dira bestelako faktoreak ere, nahiz eta faktore horiek estatuko botereen arteko harremanekin zerikusirik izan ez.

3. Parlamentu-sistema Sistema demokratikoen artean, parlamentu-sistema da zaharrena eta egungo demokrazietan gehien hedatu dena. Britainia Handian, Alemanian, Italian, Japonian, Eskandinaviako herrietan, Beneluxeko herrietan eta Espainian, parlamentu-sistemak daude. Hori gorabehera, zenbait Ăąabardura egin behar dira: a) Parlamentua izatea besterik gabe ez da nahikoa, sistema hori parlamentu-sistema dela esateko. b) Parlamentu-sistemen artean, benetako ÂŤfamiliaÂť dagoela esan daiteke, ez baitago parlamentu-sistema bakarra. c) Parlamentu-sistemaren ezaugarri nagusia da botere betearazlea eta legegilea elkarlanean aritzea. Botere betearazlea botere legegilearen gain lokabea da; baina erantzukizun politikoa du horri begira.

3.1. Parlamentu-sistemaren osagaiak Aztergai dugun sistema horretan, botere betearazlearen eta botere legegilearen arteko banaketa ez da zorrotza. Haatik, bi-biok elkarlanean aritu behar dira eta, gainera, botere legegileak botere betearazlea kontrolatu behar du. Hortaz, gobernuaren inguruko parlamentu-sistemetan, boterebanaketa ezarri arren, Konstituzioak zenbait mekanismo ezarri ditu, banaketa hori malgua izan dadin eta, beraz, botere betearazlearen eta botere legegilearen arteko komunikazioa estu-estua izan dadin. 224


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Politikoa by elkarmedia - Issuu