XIII. ikasgaia
Gobernu motak Pilar Mellado Prado
1. Botere-banaketari buruzko teoria Aristotelesek, bere Politika izeneko horretan, hiru eginkizun bereizi zituen garai hartako antolaketa politikoan: «guztion intereserako diren gaien inguruan eztabaidatzea», «karguak antolatzea» eta «eginkizun judiziala». Bereizketa hori gorabehera, ezin esan daiteke Aristotelesen lan horrek botere-banaketaren teoria sortarazi zuenik. Aristotelesek ez zizkien eginkizun horiek eratxiki organo edo pertsona desberdinei. Aitzitik, Aristotelesek ez zuen inolako oztoporik jarri, pertsona berberak biltzar eztabaidatzailean, botere betearazlean eta auzitegietako zereginetan parte har zezan. XVII. mendean, J. Lockeren lana, Gobernu Zibilari buruzko Bi Eskuliburu izenekoa, izugarrizko ahalegina izan zen, garai hartako Ingalaterran Orangeko Etxeak zuen boterea azaltzeko; zinez, botere horren agerpenei buruzko azalpen teorikoa izan zen harako lana. Lockeren ustez, estatuak hiru eginkizun betetzen ditu: batetik, eginkizun legegilea, erkidegoaren gainean gorengo boterea duena; bestetik, eginkizun betearazlea, legegilearen borondatea betetzeaz arduratzen dena; eta, azkenik, federazio-eginkizuna, atzerriarekin izandako harremanak zuzentzen dituena. Lockeren doktrina, oinarrian, eginkizunak bereizteko teoria besterik ez zen. Lockek uste zuen eginkizun horietatik batzuk bereiztea oso onuragarria zela. Horregatik, Locke bada izan botere-banaketaren teoria sortarazi zuena. XVIII. mendean, Montesquieuk teoria hori azaldu zuen modu koherente eta itxian. Montesquieu Baroia bi urtean bizi izan zen Ingalaterran (1729. urtetik 1731. urtea arte); horregatik, «frantziarren artean ingelesena bera zela» entzun ohi da ironiaz. Montesquieu Baroiak garai hartako errealitate politi219