Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 197

2. Legeen konstituziotasuna kontrolatzeko sistema iparramerikarra Estatu Batuetan, «epailearen berrikuspen» printzipioak esan nahi du epaileek eskumena dutela konstituzio federalaren aurka doazen legeak ez aplikatzeko. Epaileek legeen konstituziotasuna kontrolatzeko doktrina hori argi eta garbi jaso zuen Marshall epaileak —Auzitegi Goreneko lehendakariak— Marbury-Madison kasuko epai sonatuan (1803). Doktrina hori sendotu egin da konstituzio federalari egindako XIV. zuzenketan (1868) eta Rule of Reasonableness delakoaren aplikazioan5. Beveridgek dio, konstituzio federala berresteko Virginiako Hitzarmenaren aurretik, Marshall epaileak hurrengoa aldarrikatu zuela: Batasunaren etorkizunak nahitaez eskatzen du epaileek lege federalak kontrolatzea. Iritzi hori indartu egin zen, epaileak ulertu zuenean errepublikanoek irabaziz gero, konstituziogileen lana suntsi zitekeela, estatuei erabateko subiranotasuna itzuliko baitzitzaien. Marshallen ustez, epaileek kongresua (botere legegilea) baino gehiago estatuak kontrolatu behar zituzten. Kontrol horren bidez, estatuek konstituzioaren aurkako lege federalak deuseztatzeko zuten eskubidea kentzea zen helburua. Eskumen hori, antzinako praktika baten formalizazioa baino ez zena, Batasuneko estatu batzuek egikaritu zuten, besteak beste, Virginiak eta Kentuckyk, bi estatuetako ordezkaritza Ganberek 1800ean onetsitako bi ebazpen famatuetan: Ipar Amerikako koloniarrek uste zutenean Ingalaterrako parlamentuaren erabakiak Covenant direlakoen aurkakoak zirela eta euren interesei kalte egiten zietela, epaileengana jotzen zuten Ingalaterratik zetozen erabakien deuseztasun adierazpena eskatzera. 2.1. Marbury Madisonen aurka Marshall epaileak Marbury vs. Madison kasuan emandako epaiaren aurrekari batzuek agerian jartzen dute konstituzioaren nagusitasuna «epailearen ohiko zereginari» estu-estutik lotuta zegoela. 1792an, Zirkuitu Auzitegiek, eta ez Auzitegi Gorenak, uko egin zioten Kongresuko lege bat aplikatzeari, euren ustez konstituzioaren aurkakoa zelako. Argi zegoen,

5 XIV. zuzenketan jasotako Due process Law delakoari buruz, Auzitegi Gorenak, 1943an, hurrengoa esan zuen: «(…) estatuaren ekintza guztiak gure erakunde zibil eta politikoen oinarrian dauden askatasun eta justiziaren oinarrizko printzipioekin bat etortzea eskatzen du». Rule of Reasonableness izenekoa, ostera, gizabanakoaren eta gizartearen asmoak orekatzeko mekanismoa da: gizarteak kideei sakrifizioak eskatzen badizkie, horien truk lortu beharreko abantailak neurrizkoak izan behar dira.

197


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Politikoa by elkarmedia - Issuu