bat behar du; bestetik, eskatu beharrekoa da; hau da, epailearen erabakia eragin behar da2.
4. Ohitura Guztiok dakigu ohiturak funtsezko zeregina izan duela britainiarren konstituzio-sisteman. Konstituzio idatzia duten herrietan agertzen da arazoa. Kasu horretan, konstituzio ohitura onartzeak ala ez onartzeak arazo handiak sortzen ditu, Konstituzio zuzenbidearen teoria orokorrean. Argi dago konstituzio idatziek ezin dutela den-dena ezarri, eta horien hutsuneak betetzeko, ohitura eta, ohitura izan ezean, praktika politikoa hartuko da kontuan. Nolanahi ere, ezin dira nahasi konstituzio ohitura (arau juridikoa dena, salbuespenak salbuespen) eta praktika politikoa (gertaeren munduan bakarrik mugitzen dena). Edonola ere, konstituzio ohiturak arazo asko sortzen ditu: noiz jakingo dugu behin eta berriro errepikatutako gertaera zinezko betebehar bihurtu ote den?; nola egiaztatu gertaera horren indar loteslea? Doktrinak ohituraren oinarrizko bi betekizun aipatzen ditu, konstituzio esparruan ere erabil daitezkeenak: a) Kanpoko osagaia edo osagai materiala: egintza edo gertaera bat modu jarraitu eta eraberekoan errepikatzea. b) Barruko osagaia edo osagai psikologikoa: opinio iuris delakoa, hau da, ohiturak nahitaezko izaera duela uste izatea, hots, antzeko kasuetan erabili beharreko manua dela; ohiturak «ez du eztabaidarik ez desadostasunik onartzen» (Pérez Serrano). Historian zehar, erromanisten garaitik hasita, hiru ohitura mota bereizi izan dira, eta guk sailkapen hori Konstituzio zuzenbidearen eremura zabalduko dugu: a) «Secundum legem» ohitura «Secundum legem» ohiturak Konstituzio araua interpretatzeko balio du. Erromako Zuzenbidearen adierazpen klasikoa bereganatzen du: consuetudo est optima legis interpres. Autore askoren aburuz, ez da Zuzenbidearen benetako iturria, ohitura mota honek eragingarria izateko arau juridiko bat aurretiaz izatea eskatzen baitu. Beste batzuek, aldiz, ohitura
2
L. Sánchez Agesta, Principios de Teoría Política (Madril, Nacional Ed., 1983), 335.
169