IX. ikasgaia
Konstituzio zuzenbidearen iturriak Pilar Mellado Prado
1. Konstituzio zuzenbidearen iturriak Oro har, Zuzenbidearen iturriei buruz hitz egitean, aipatu nahi da gizarte batek, Zuzenbidea sortzean, zein garrantzi ematen dien gizarte botereei; bestela esanda, finkatu nahi da nork duen boterea, arau juridikoak emateko edo arauen bidez jokabideak ezartzeko. Azken finean, jakin nahi da nola sortzen den Zuzenbidea, indarrean egon eta eragingarria den zuzenbidea. Konstituzio teoriaren arabera, iturri dira, esangura formalean, konstituzioa osatzen duten arau motak. Are gehiago, konstituzioa ordenamendu juridikoaren batasuna bermatzen duen araua da; horretarako, Zuzenbidea egiteko bideak arautzen ditu. Konstituzioak, zergintza horretan, organoak, prozedura eta sortutako arauen arteko hierarkia zehazten ditu. 2. Konstituzio idatzia Aurretik esan dugunez, Frantziako 1789ko konstituziogileek, XVIII. mendeko filosofo arrazionalisten ideiei jarraituz, azpimarratu zuten beharrezko zela testu batean jasotzea botereari buruzko arauketa (arrazionala) eta hori egikaritzeko moduak. Biltzar konstituziogile horretako kide batek «espiritu berria» definitu zuen, hurrengoa adieraztean: «konstituzioa gobernatzeko moduari buruzko ordena finko eta iraunkorra da». Konstituzio idatzia beti da bermea nahierakeriaren aurrean: 1) Itun solemnea ezartzean, konstituziogilearen borondatea sinesgarriro jasotzea ahalbidetzen baita, eta horrela herritarren segurtasun juridikoa areagotu egiten da. 167