teko kide bakoitzarengana iristeko modua, prentsak emandako informazio, pentsamendu eta sentitzeko joeren bidez»7. Beraz, gizabanakoak askatasunez adierazteko duen eskubidea errespetatzeaz gain, kontuan hartzen hasi ziren subjektu pasiboa, mezuen hartzailea eta erkidegoa. Prentsa kanpo eta barne presioetatik —erakunde eta finantza arlokoak— askatzeko egokitasuna adierazi zen. Horrela, prentsak bere zereginaren erantzukizuna izango du: zerbitzu publikoa eskaintzea. Azken finean, prentsa askatasunari datxezkion gizarte eginbehar eta zamak azpimarratu ziren. Prentsari buruzko teoria liberalaz eta prentsaren gizarte erantzukizunari buruzko teoriaz gain, hurrengo helburuak dituzten teoriak ere sortu dira horien ondoren: batetik, eremu geopolitiko desberdinetan —ad., garatze bidean dauden herrietan— komunikabideen benetako egoera azaldu nahi dutenak; bestetik, botere gehien duten herrietan sortutako arazoen berri ematen ahalegindu direnak. Azkenik, batzuek azpimarratu dute teoria horiek gaur egun ez direla oso erabilgarriak, prentsari buruzko adiera zaharkituan oinarritu eta izaera orokorra dutenez, ez baitute kontuan hartzen komunikabideek gaur egun duten jarduera konplexua8. 4. Komunikabideak eta bizitza politikoa Agidanez, prentsari buruzko teoriei gaur egungo ikuspuntutik egin ahal zaizkien kritiken artean, bat azpimarratu behar da: komunikabideak aurkezten dituzte bizitza politikoaren behatzaile soilak balira legez; komunikabideek, bakoitzak bere hedatze tresnaren arabera —egunkariak eta aldizkariak, irratiak eta telebistak—, bizitza politikoa islatu besterik ez omen dute egiten. Horretara aurkeztuta, dinamika politikoaz kanpoko erakunde izango lirateke horiek, nahiz eta dinamika horretan eragina izan. Baina galdetu behar duguna hauxe da: ea komunikabideak dinamika politikoaren atal ez ote diren, ea dinamika hori osatu eta aldatzen ez ote duten. Beraz, nola pentsa daiteke komunikabideek ez dutela zerikusirik kolektibitatea ukitzen duten erabakiak ezarri eta gauzatzeko prozesu politikoarekin? Nire ustez, oker hori gertatzen da komunikabideen eginkizunak jarduera bakar baten aurrean edo une zehatz batean —adibidez, alderdi
7 The Commission on Freedom of the Press, A Free and Responsible Press (Chicago, The University of Chicago Press, 1947), 20-21. 8 Ikuspuntu horretako autore bat Denis McQuail da, komunikabideetan aditua dena. Azken hogeita hamar urteetan, ekarpen ugari eta luzeak argitaratu ditu. Berbarako, Introducción a la Teoría de la Comunicación de Masas (Bartzelona, Paidós), 1991.
139