Guk boterea eta informatzeko eskubidea aztertuko ditugu, konstituziodun erregimen demokratikoetan. Horietan, badaude gobernuaren jarduera kontrolatzeko mekanismo politikoak —besteak beste, botere-banaketa eta oposizioa— eta, neurri txikiagoan, botere ekonomikoen jarduera kontrolatzekoak —trust-en aurkako legeria eta lehia askea defenditzen duten auzitegiak—. Erregimenotan, botere politikoaren aurreko jarrera erabat definituta badago ere, prentsaren aurreko jarrera ez da hain zorrotz definitu. Beharbada horren arrazoia izan daiteke komunikabideen munduan aniztasun handia izatea (ez hedatze tresnei dagokienez bakarrik) eta mundu hori oso azkar aldatzea. Beraz, komunikabideei egin zaizkien kritikak ezin dira eraberekoak edo uniformeak izan, eta denboraldi baterako baino ez dute balio. 3. Prentsari buruzko teoriak Fred S. Siebert, Theodore Peterson eta Wilbur Schramek, 1956an, Four Theories of the Press. The Authoritarian, Libertarian, Social Responsibility and Soviet Communist Concepts of what the Press should be and do (Prentsaren lau teoria. Prentsa izan beharko litzatekeena eta egin beharko lukeena lau ikuspuntutatik: autoritarioa, liberala, gizarte-erantzukizunekoa eta sobietar komunismokoa)3 lana argitaratu zuten. Prentsaren eginkizunen tipologia zehazteko lehen ahalegina izan zen. Gizarte- eta politika-inguruetan komunikabide sistema desberdinak modu orokorrean azaltzeko ahaleginak izan ziren teoria horiek. Azken finean, agerian utzi nahi zen prentsa askeko ereduaren eta botere politikoaren menpe zegoen prentsaren arteko aldea; izatez, erregimen totalitarioa autoritarioaren bertsio astundua besterik ez zen, eta prentsaren gizarte erantzukizuna, erregimen liberal edo libertarioaren bertsio moldatua. Aztertzen ari garen konstituziodun esparru demokratikoa kontuan hartuz, azken biak labur-labur azaldu eta, ondoren, teoria berri batzuk gainetik ikusiko ditugu. Prentsaren teoria liberala kontzientzia eta erlijio askatasunaren aldeko borroken garaikoa da. Borroka horrek hasiera eman zion XVI eta XVII. mendeetako monarkia absolutuek izandako gainbeherari, baita horiekin lotutako bizitzaren ulerkera autoritarioei ere. Beraz, ez da harritzekoa
3 Four Theories of the Press. The Authoritarian, Libertarian, Social Responsibility and Soviet Communist Concepts of what Press should be and do (Urbana, University of Illinois, 1956).
136