Herritarrek aintzat hartu behar dute botere konplexu, aldakor eta gutxi egituratu hori (hala ere, botere hori osotasun bat balitz bezala hartzen dugu); orobat egin behar dute euren ogibidea dela-eta gizarte botereei —politiko, ekonomiko, espiritualei— datxezkien arriskuak bizirik iraun eta askatasuna izateko jakin behar dituztenek. Botere horrek gobernuko erakundeekin bat edota parlamentuz kanpoko oposizio gisa jardun dezake. Hori dela eta, ahal den neurrian, kontuan hartu behar da komunikabideen boterea eta horren erabilera bikoitza: batetik, herritarren eskubideak defenditzea, justizia eta aurrerakuntzaren alde egiteko; baina, bestetik, ordena defenditzea, kritika eta disidentziaren aurka egiteko. Gaur egun, gainera, badago inguruabar berririk: jarduera politikoa gero eta gehiago gauzatzen da «mass media» delakoen bidez. Komunikabideen botereari buruz hitz egitean, zein komunikabidez ari gara? Posta, telefonoa, faxa, zinema eta telegrafoa komunikabideak dira, baina ez ditugu horiek buruan. Gaur egungo egitate eta gizabanakoei buruz informazioa ematen dutenak ditugu gogoan. Komunikabide horiek albisteak iruzkindu, aztertu eta interpretatu egiten dituzte, azkar eta nahiko labur normalean. Era berean, denbora-pasa eta kultura berezia eskaintzen dituzte, baina eginkizun horiek eta beste batzuk ez zaizkigu interesatzen. Zehazki, prentsa idatziak, irratiak eta telebistak politikarekin dituzten harremanak aztertzea da gure helburua. Horiei buruz hitz egiteko, euskarria alde batera utzita, aspaldiko hitz bat erabiliko dugu: prentsa hitza. 2. Prentsa, gizarte ingurunea eta sistema politiko mota Prentsa giza talde handi bati zuzendutako gizarte jarduera da. Mezuak jasotzen dituen gizabanakoaren arabera, prentsak mundua eta bizitza ulertzeko moduak —alemaniarrek Weltanschauung deitzen dutena— sortu, aldatu edo indartuko ditu harengan. Prentsaz gain, hurrengo hauek ere eragina dute —batzuek besteek baino gehiago—, gizakiek politikari, gizarte arazoei eta munduari buruz duten ulerkera eraikitzeko orduan: familiak, elizak, eskolak eta sindikatuak, hain justu ere, horietan egiten baititugu lan eta aisia jarduera gehienak. Biztanle helduen gehiengoak, une jakin batetik aurrera, aipatu gaien eta politikaren inguruan moldatzen du bere iritzia, batez ere, masen komunikabideetatik jasotako informazioa oinarri hartuz. Jakina denez, mota
mendu baten aurrean al gaude? Edo media horien efektu erreflexu bat al da? (…) Herriaren ahotsa izenekoa, neurri handian, “komunikabideen ahotsa herriaren gainean” da.» Elementos de Teoría Política (Madril, Alianza Ed., 1992), 312.
134