Presio taldeek jarduten duten eremuaren —botere politikoaren inguruan— eta garrantziaren ondorioz —izaera bereziko botere egiturak dira—, eurok arautu behar direla pentsatu ohi da. Estatu Batuetan, adibidez, 1946tik aurrera lobby izenekoak estatu lege askoren eta lege federal baten bidez araututa daude; lege federal hori askotan gaurkotu da —azkenengoz 1979an—. Espainian, CDS alderdiak, 1992ko abenduaren amaieran, legezkoa ez zen proposamena aurkeztu zuen, interes taldeen erregistro publikoa eratu zedin. Edonork asma dezakeen bezala, kezkarik handiena sortzen dute presio taldeek euren helburuak lortzeko erabiltzen dituzten bideek. Metodo horiek ez dira beti publikoak edo pribatuak, agerikoak eta legezkoak (ad., propaganda, hauteskunde garaian diruz laguntzea, kaleetan manifestazioak egitea, etxeetara gutun andana bidaltzea). Influentzia trafikoarekin zerikusia duten jarduera guztiak ere hemen sartuko genituzke: kontaktu eta harreman pertsonalen eremua, agentzia ofizial eta organismo publikoekin dauden loturen esparru ilunak. Presio talde batzuek boterearekin dituzten harremanetan dago horien habia «berezkoa»: balaku eta mehatxuak, derrigortze eta txantajeak, funtzionario eroskeria eta bezerokeria, bete gabeko hitz-emateak eta mesedeen elkartrukea. Bukatzeko, aipatu behar dugu, gobernu, nazioarteko erakunde eta nazioaz gaindiko enpresek nahi baino gehiagotan presio talde gisa jarduten dutela helburu zehatzak lortzeko, euren mugetatik edo egoitzatik kanpo. Kasu horietan, zailagoa da jardunbide horien legezkotasuna kontrolatzea, eta ia ezinezkoa jokabide horiek auzitegietan epaitzea. Bibliografia Gaian zehar aipatu lanez aparte eta, orobat, M. Ostrogorski, R. Michels, M. Duverger eta G. Sartoriren lan klasikoez gain, hurrengo hauek ere oso erabilgarriak dira eta gaztelaniaz argitaraturik daude: BLAS, Andrés de eta PASTOR, J. (koord.), Fundamentos de Ciencia Política, Madril, UNED, 1997. GONZÁLEZ ENCINAR, J. J. (koord.), Derecho de Partidos, Madril, Espasa Calpe, 1992. MELLA MÁRQUEZ, M. (arg.) Curso de Partidos Políticos, Madril, Eds. Akal, 1997. VEGA, Pedro de et al., Teoría y Práctica de Partidos Políticos, Madril, Edicusa, 1977.
132