Bigarren ahultasuna lehenengoaren ondorea da: merkatuaren mekanismoak ez ditu alokairu bidezko harremanak biguntzen (…). Alokairu baten truk enplegua ematen da, langileek ez dituztelako ekoizteko tresnak. Harreman horiek biguntzeko ahaleginak egin daitezke, langilearen eskubideak aintzatetsiz eta erabakietan langileen parte-hartzea bultzatuz (…). Merkatu ekonomiaren hirugarren akatsa ezegonkortasuna da. Enpresa pribatuak (…) gorabeherak, langabezia eta miseria sortzen ditu. Alta, enpresa publikoak ez du emaitza hoberik lortu (…). Laugarren, merkatuak kanpo trukeak ere ez ditu behar bezala erabiltzen (…). Estatuak kanpo merkataritza arautu behar du. Bosgarren, merkatu ekonomia ez da egokia, aldaketa garrantzitsuei aurre egiteko. Baliabideak aski mugitu behar direnean, merkatuaren metodoak geldo eta basatiak dira (…). Hori guztia kontuan hartuz, amaitzeko esango dugu merkatuaren merituak elkarlehia dagoenean gertatzen direla eta elkarlehia erabatekoa izatea arraroa dela»4. 2. Estatuak ekonomian esku hartzea John Maynard Keynesek hurrengoa idatzi zuen The General Theory of Employment, Interest and Money (1936) lan entzutetsuan: «Kontsumitzeko joera egokitzeko eta inbertsioa bultzatzeko Gobernuaren eginkizunak handitzea norbanakoaren eremuan sartzea izango litzateke, Amerikako finantzari edo XIX. mendeko publizistaren iritziz. Nire ustez, ostera, Gobernuaren eginkizunak handitzea bide bakarra da, eredu ekonomikoak irauteko eta gizabanakoen ekimenek aurrera egiteko». Egia esan, estatu eta gobernuek ekonomiaren aurrean zuten jarrera erabat aldatu zen Lehen Mundu Gerraren ostean. Gerratearen dinamika tartean izanik —elikagaiak, materialak eta munizioa hornitzeko baliabideak behar ziren, eta horrek guztiak plangintza zorrotza behar zuen—, botere publikoek zuzenean esku hartu zuten, ekoizpen eta banatze prozesuen antolakuntzan. Gerraren ondoren, esku-hartzeko joeraren inertziak, gizarteratze ideiak eta ekonomian aurrera egiteko lanek ondokoak ekarriko dituzte: zerbitzuak ezartzea, enpresa publikoak sortzea eta arauketak ugaritzea. Geroago, «1929ko crash handiak erakutsi zuen inperialismoa ez zela nahikoa, kapitalismoa etorkizunean gerta zitezkeen krisi errepikarietatik
4 W. A. Lewis, La planeación económica (Mexiko, FCE, 1978), 38. orrialdetik 40.erakoak.
106