ADMINISTRAZIOAREN JARDUERA MOTAK
397
politika ekonomiko adierazlea eskaintzen dute, ez hertsatzailea —esate baterako, Ekonomi eta Gizarte Garapenerako planak—; eta azkenengoz, beste batzuk, hirigintza planek kasu baterako, araudien bidez eskubideak mugatzeko zehaztasunak izaten dira (ius aedificandi, kasu honetan) eta, horrenbestez, administrazio jarduera mugatzailearen barruan sartzen dira. Horrela ba, planek halako eduki desberdinak izanda, badirudi hobe izango dela —ikuspegi formal eta juridikoetatik behintzat— jarrera analitikoa hartu eta, euren osagaiak bereiztu ondoren, lehen egindako sailkapenaren arabera azaltzea, Administrazioaren kanpoko, barneko zein egiturazko jardueraren arabera, alegia. Beste sailkapen bat ere zabaldu egin da eta horrek jarduera juridikoa, materiala eta teknikoa bereizten ditu, administrazio jarduera egintza formalen edota material hutsen bidez gauzatzearen arabera. Horrela, ikasgaia azaltzen duenean, irakasleak jarduera material edo teknikoa egiten du eta azterketak zuzentzen dituenean, berriz, juridikoa. Sailkapen horren arazoa jarduera juridikoa teknikotik ondo bereiztean datza, ze sarritan aspektu bi horiek elkarrekin doaz (horrela, esate baterako, iritzi teknikoa ere bada azterketa, eta ez iritzizko administrazio egintza bihurtzen den kalifikazio juridikoa hutsa); gainera, jarduera juridikoa Administrazioari eta teknikoa, berriz, funtzionarioari dagozkiela esateak ez dauka garrantzi handirik Espainiako antolamenduan, ze funtzionarioek egindako falta teknikoen erantzukizuna —nahiz eta euren erruz edota nahita egin— Administrazioarena izango da azken finean (Estatuko Administrazioaren Eraentza Juridikoari buruzko Legearen 40. art.). Bestalde, GIANNINIren iritzian, sailkapen horrek ez du zentzurik, ze edozein egintza juridikotan ere beharrezkoa izango da jarduera materiala, eta alderantziz. Horixe da Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 100. artikuluak ezartzen duena, hauxe xedatzen duenean: Administrazioak ezin izango duela norbanakoen eskubideak mugatzen dituen jarduera materialik hasi, baldin eta aldez aurretik horren oinarri juridikotzat erabil daitekeen erabakirik hartu izan ez bada. Azkenik, esan beharra dago Administrazioak Zuzenbide publiko nahiz pribatuko arauak erabili ahal izango dituela jarduteko. Baina ikuspegi horrek ez du interes handirik kasu honetan. Izan ere, prestazio edo herri zerbitzu modu bat besterik ez da, eta eraentza juridiko pribatu nahiz publikoari egokituta eman daiteke; beraz, herri zerbitzu jarduera aztertzean izango da interesgarria.
2. LEGEZKOTASUN PRINTZIPIOA ETA ADMINISTRAZIO JARDUERAREN BESTE ZENBAIT BALDINTZA Administrazio jarduera legezkotasun printzipioari lotuta egongo da, baita berdintasun, proportziotasun, onuste eta herri interes printzipioei ere. Hala ere,